Ramon Diaz loiolatarra omendu dute, bere erailketaren 25. urteurrenean
Ramon Diazen familia, lore eskaintzan. Nagore Garmendia 25 urte dira ETAk Ramon Diaz Garcia loiolatarra hil zuenetik; urte hauetan guztietan omenaldia egin diote Loiolatarra Kirol Elkarteko kideek, senideek eta lagunek, urtarrilaren 26ro, atentatuaren lekuan. Aurtengoa, ordea, instituzionalki egingo duten azken omenaldia izan da, hauei “amaiera borobila” emateko.
Asier Zubimendi elkarteko presidenteak hartu du hitza, eta elkartearen partez, eskerrak eman nahi izan dizkie 25 urtetan zehar ekitaldira “leialki” gerturatutako pertsona guztiei: “Omenaldi instituzionalei amaiera eman diegu gaur, memoriatik, duintasunetik eta esker onetik”. Bizilagun gertukoa zuten Diaz bertaratutako askok, eta elkarteak adierazi du “modu intimoago batean” jarraituko dutela hura gogoratzen.
Goizeko zortzietan izan da topaketa hunkigarria; lore eskaintza egin diote, urtero bezala, eta argazkiz osatutako bideo bat jarri dute paretan proiektatuta. Gerora, gosaria egin dute elkartean, “oroimen partekaturako gune gisa”.
Puntu eta jarrai bat
Patxi Lago eta Estitxu Artano Loiolatarra elkarteko kide eta lagunek, bereziki gogoratzen dute Diaz: “25 urte daramatzagu hura gogoratzen, merezi zuelako”, esan du Lagok. Auzoan eta elkartean ezaguna zen sukaldaria, eta auzo guztiak jasandako mina aitortu dute, 2001eko urtarrilaren 26 hartan gertatutakoaren harira. “Berarekin denbora asko pasatzen genuen, eta solidaritate espiritua zer zen erakutsi zigun”, amaitu du Lagok. Artanok, ordea, familiatzat zuen Diaz: “Urte hauetan guztietan lagunok eta familia tandem bat izan gara; hor egon gara eta hor jarraituko dugu, guretzat hau ez delako hemen amaitzen”.
Jon Insausti alkatea, baita ere, “isiltasunak eragiten duen minaz” aritu da. “25 urtetan zehar egin duguna Diaz gogoratzea izan da, baina, gehienbat, bakean bizi nahi izan duen hiri bat aldarrikatu dugu”. Adierazi du ziklo bat itxi dela gaur: “Horrek ez du esan nahi ahaztuko dugunik, ez Diaz ezta beste biktimak ere”.
