Udaleko bi teknikari postutarako euskara eskakizuna atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak
Auzibidea lan deialdira aurkeztu nahi zuen pertsona batek ireki zuen, eta Donostiako administraziorako auzien epaitegiak ontzat eman zuen.
Euskararen kontrako epaien elkarretaratzea, Alderdi Ederren.Joseba Parron San Sebastian Donostiako Udalak B2 mailako euskara eskakizuna ezarri zuen digitalizazio kartografikoko bi udal teknikari postutarako. Ordea, eskakizuna atzera bota du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, Berria egunkariak jaso duenez. Epaia ez da irmoa, eta ebazpenaren kontrako helegitea jar dezake udalak.
Auzibidea lan deialdira aurkeztu nahi zuen pertsona batek ireki zuen. Hasieran, Donostiako administrazioarekiko auzien epaitegiak hizkuntza eskakizunen alde egin zuen; izan ere, bi teknikarik baino ez dituzte egiten lan horiek, eta ebatzi zuen herritarrek euskaraz egiteko eskubidea ez zatekeela bermatuta egongo horietako bat falta izanez gero.
Horren aurrean, pertsona horrek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jotzea erabaki zuen, Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zela iritzita; orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio. Epaitegi horren arabera, lan deialdi batean postu guztietarako edo ia guztietarako euskara eskatzeak “ez ditu bateragarri egiten erabiltzaileek arta euskaraz jasotzea eta euskara erabiltzea batetik, eta hizkuntza hori ez dakiten hautagaiek lanpostu publikora sartzeko duten eskubidea bestetik”.


