AZGAk «absoluzioa» espero du auzipetutako Guardetxeko kideentzat
Donostiako Udalarekin akordiorik lortu ez dutenez, epaiketara joan behar izan dute Guardetxeko auzipetuek. Fiskaltzak "absoluzioa" eskatu du beraientzat, azaldu dutenez.
Guardetxeko hainbat kide epaitegira joan dira astearte goizean, auzipetuei babesa adieraztera.Beñat Parra Aurreikusita zegoen moduan, gaur (hilak 27) hasi da Urgulleko Guardetxearen aurkako epaiketa, Donostiako epaitegian. Epaiketaren ostean Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) azaldu duenez, saioan “argi geratu da ez dagoela auzipeturiko bi gazteak zigortzeko froga nahikorik. Hori dela eta, Fiskaltzak absoluzioa eskatu behar izan du”. Horrela, “sententziaren zain” gelditu dira gazteak, eta “absoluzioa” espero dutela nabarmendu dute. “Kasu horretan, ez litzateke kaleratze agindurik egongo”, gaineratu dute.
Ildo horretatik, “Guardetxean martxan dagoen proiektu autogestionatua errespetatu dezala” eskatu dute gazte asanbladako kideek, baita Euskal Herriko gazte asanblada guztiak “gaztetxe berriak okupatzera animatu eta kaleratze arriskuan dauden gaztetxeekiko elkartasuna antolatzera” deitu ere.
Epaiketa hasi aurretik, Guardetxeko hainbat kide epaitegira bertaratu dira “auzipetuei babesa adieraztera”, baita gaur bertan Durangon epaitzekoak ziren Kiñu Gaztetxeko kideei babesa adieraztera ere; Igorreko (Bizkaia) gaztetxearen aurkako epaiketa bertan behera gelditu da goizean bertan. “Gure epaiketari dagokionez, Donostiako Udalak ez du akordiorik sinatu nahi izan eta, beraz, defentsa juridikoa prestatu behar izan dugu; ikusi beharko dugu epaileak zer erabakitzen duen”, azaldu du Guardetxeko kide Josu Egurza Nazabalek.
Era berean, nabarmendu du “argi” dutela “sei urtez hutsik egon den eraikin bat auzolanean konpondu eta proiektu komunitario bat martxan jartzea ez dela delitua”. Ildo beretik, gogorarazi du udalak ez duela “eraikina konpontzeko aurrekonturik aurreikusita, ezta bertan garatzeko proiekturik ere”: “Horregatik, epaiketan gertatuko denaren zain geldituko gara eta mundu guztia animatzen dugu Guardetxea eta arriskuan dauden gaztetxe guztiak defendatzera”.
Maiatzaren Lehenetik okupatuta
Pasa den Maiatzaren Lehenean okupatu zuten hamar urtez hutsik izandako espazioa. Hilabete hauetan askotariko eskaintza politiko zein kulturala antolatu dute Guardetxean: musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, proiekzioak, hitzaldiak, kirol entrenamenduak, bakarrizketak, bertso txapelketa, elkartasun ekimenak, Doako Azoka, txalaparta klaseak. Bestalde, elkarte eta eragile ugarik ere erabili dute Guardetxea. Bitartean, espazioa atondu eta bizilagunen kexak ekiditeko neurriak hartu dituzte, hala nola, ordutegiak mugatu eta gunea intsonorizatu.
Salatu dutenez, ordea, 2026ko Udal Aurrekontuetan ez dago Guardetxea konpontzeko diru partidarik eta, beraz, udalak ez duela inolako proiekturik Guardetxearentzat, eta, “borondatea adierazteaz haratago, ez du Guardetxea auzoarentzat bideratzeko inolako berme edo konpromiso errealik hartu”. Horren ondorioz, gazte asanbladak deitoratu du udalaren jarrera eta “errepresioaren” eta “polizia indarkeriaren” bitartez Guardetxea hustu nahi dutela salatu dute.


