Eñaut Elizalde altzatarra zendu da, auzoko giza probaren sustatzaileetako bat
Eñaut Elizalde gazte zendu da. Irudian, Altzako giza probetako harria, artxiboko irudi batean.Asier Gonzalez de San Pedro Eñaut Elizalde 28 urteko altzatarra zendu zen ostiralean, Altzatarra Kirol Elkarteak asteburuan jakinarazi zuenez: “Gaur egun tristea da Altza eta Altzatarra Kirol Elkartearentzat”. Elizalde pertsona ezaguna zen auzoan, Altzatarra elkartearekin “lotura estua” zuena, bereziki, herri kirolak eta, oro har, kirolak sustatzeari zegokionez.
Hain zuzen ere, auzoko giza proba taldearen sustatzaileetako bat zen Elizalde, eta entrenatzen ari zirela bihotzekoak jo ostean hil zen. “Altzatar baten gaztetasuna eta balioak gorpuzten zituen”, nabarmendu du elkarteak sare sozialetan argitaratutako mezuan. Zinta beltz bat zintzilikatu zuten asteburuan San Martzial plazako udaletxe zaharreko Altzako banderan, baita Elizalderen gertukoei “doluminak eta babesa” adierazi ere.


