Euskararen aurkako azken epaiaren aurkako helegitea jartzeko eskatu dio Bagerak udalari
Euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko elkarretaratze bat.Joseba Parron Udaleko bi teknikari postutarako euskara eskakizuna atzera bota berri du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta, horren aurrean, “kezka eta gaitzespena” adierazi ditu Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak: “Epai horrek, beste behin, atzerapauso larria dakar euskararen normalizazio prozesuan”. Horrela, erakunde publikoak konpromisoa hartzera deitu dituzte, baita herritarrak antolatzera deitu ere.
Gaineratu dutenez, “Donostia hiri euskalduna da, eta udalak, erakunde publiko gisa, betebeharra du zerbitzuak euskaraz bermatzeko. Horretarako, ezinbestekoa da langileek beharrezko hizkuntza gaitasuna izatea”.
Horregatik, onartezintzat jo dute “euskara eskakizunak diskriminaziotzat jotzea”: “Diskriminazioa da, hain zuzen ere, herritar euskaldunak beren hizkuntza artatuak ez izatea edo horretarako eskubidea etengabe justifikatu behar izatea”. “Proportzionaltasunaren aitzakian, berriz ere, euskarari eskatzen zaio atzera egitea”, gehitu dute.
Eskaera zehatzak
Epaia salatzearekin batera, alde batetik, Donostiako Udalari eskatu diote epaiaren aurkako helegitea jartzeko, epaia oraindik ez baita irmoa. Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko erakunde publikoei eskatu diete “hizkuntza politikak irmo defendatzeko, baita epaitegien aurrean ere”.
Horrekin guztiarekin batera, herritarrak eta gizarte eragileak deitu dituzte “euskararen aldeko aktibazioa indartzera eta hizkuntza eskubideen defentsan tinko jarraitzera”.


