Gizonezko bat atxilotu dute bikotekideari eraso egiteagatik
Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu du indarkeria matxista lesio delitu bat leporatuta, bikotekideari eraso egin ondoren. Igande goizaldean, Donostia Ospitaletik Ertzaintzari ohartarazi zioten ustez bikotekideak eraso egin zion emakumezko bat artatzen ari zirela. Zauritutako emakumezkoak bertaratutako patruilari azaldu zion Loiolako etxebizitza batean eztabaida izan ondoren, gizonezkoak hainbat kolpe eman zizkiola, batez ere aurpegian eta buruan. Eragindako lesioen ondorioz, biak ospitalera joan ziren arta zezaten.
Bikotekidearen mehatxuen ondorioz, hasieran, emakumezkoak osasun langileei esan zien eskaileretan behera erori zela, baina medikuarekin bakarrik geratu zenean, egiaztatu egin zuen bikotekideak jo egin zuela.
Emakumezkoa ospitalean geratu zen neurozirujau espezialistak beharrezko probak eta balorazioa egiteko. Ustezko erasotzailea, berriz, esku hartu zuten agenteek itxaron gunean identifikatu eta atxilotu egin zuten. Polizia eginbideak amaituta, epailearen esku jarriko dute.


