Udalak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo du frankismoak eraildako 24 udal langileen auzian
Donostiako Instrukzio epaitegian aurkeztu zuten kereila, 2023an. Argazkian ageri dira, ezkerretik eskuinera, Aitzole Araneta, Ane Oiarbide, Eneko Goia, Garbiñe Alkiza eta Mikel Pascual.Inaxio Esnaola Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak baztertu berri du Donostiako Udalak 2023an aurkeztutako kereila kriminala, 1936ko gerraren bueltan frankismoak eraildako 24 udal langileren memoria berreskuratzea xede zuena. Donostiako Instrukzio epaitegiak aurretik egindako artxibatzea ontzat eman du Gipuzkoako Auzitegiak, eta bi pauso horiek eman ostean, beraz, Espainiako auzitegietara jotzea da hurrengo pausoa. Gaiari buruz galdetuta, udalak hala egingo duela baieztatu dute Donostiako Udaleko iturriek: “Babes errekurtsoa jarri da Espainiako Auzitegi Konstituzionalean”.
Gaineratu dutenez, “esperotakoa” zen kereilak orain arte egindako ibilbidea, eta horregatik jarri dute errekurtsoa Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Era berean, udalaren aurreikuspena da auzitegi horrek ere ez duela onartuko errekurtsoa eta, beraz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo beharko dutela, azken pauso gisa.
2022ko erabakia
Udalak 2022ko abuztuaren 2an erabaki zuen kereila bat jartzea Donostiako epaitegian, erregimen frankistak udaleko langileen eta kargu publikoen bizitzaren aurka egindako krimenengatik. Era berean, Aratz Estomba abokatuaren bulegoaren laguntza teknikoa kontratatu zuten. Eskuragarri dagoen informazio guztiak bildu ondoren, 24 kasu horien inguruko kereila da 2023an aurkeztutakoa.
Hauek dira frankismoak eraildako 24 udal langileak: Angel Garcia Abalde, Ignacio Aramendi Laca, Jose Arrizabalaga Pildain, Miguel Artola Iraola, Miguel Aiestaran Giordia, Saturio Burutaran Ormazabal, Vicente Catediano Fernandez, Ignacio Maria Eguilegor Zugasti, Jose Maria Fernandez Jauregi, Fulgencio Frechilla Chico, Luis Iglesias Ansaño, Jose Isasa Azkue, Ceferino Martiarena Rekondo, Cirilo Navalon Ruiz, Paulino Peñalva Bartolome, Jose Perez Quintana, Toribio Simon Arruti, Domingo Sorondo Martinez, Jose Sorozabal Esnaola, Anastasio Tulebras Pascual, Jose Ugarte Sanchez, Ramon Ulacia Arkotxa, Millan Zabala Fernandez eta Jose Zubiarrain Zabaleta.


