Dbizik 1.308.897 bidaia izan ditu 2025ean
Herrerako Dbizi geltokia.Donostiako Udala Dbizi Donostiako bizikleta alokairuko sistemaren erabilera nabarmen handitu da 2025ean, 1.308.897 bidaia zenbatuta. Horrek esan nahi du 2024ko datuekin alderatuta erabilerak gora egin duela, orduan 1.294.358 joan-etorri erregistratu baitziren, eta lehen aldiz 1.300.00 bidaiako langa gainditu dela. Bilakaera horrek zerbitzuaren harrera ona eta ohiko bidaietarako alternatiba gisa sendotu dela berresten du.
Abonatu kopuruari dagokionez, abuztuan erregistratu zen abonatu kopururik handiena: 15.192 erabiltzaile. Horrek esan nahi du sisteman gutxi gorabehera %12,46 abonatu gehiago egon direla, pasa den urteko daturik onenarekin alderatuta (13.508 abonatu 2024ko abuztuan).
2025ean ere Dbiziko erabiltzaileek bizikleta elektrikoa nahiago izan dute argi eta garbi, bidaien %73,82 bizikleta elektrikoarekin egin baitituzte (966.167 bidaia); bizikleta mekanikoekin egin diren bidaiak, berriz, %26,18 izan dira (342.710 bidaia). Bizikleta bakoitzeko eta egun bakoitzeko egindako bidaia ratioari dagokionez, bizikleta elektrikoarekin egindako bidaia kopuru handiena abuztuan erregistratu zen, egunean 14,04 bidaia eginda batez beste, eta bizikleta mekanikoekin egindako bidaien kasuan bizikleta bakoitzeko eta egun bakoitzeko bidaia kopuru maximoa urrian erregistratu zen, 4,26 bidaiarekin.
Bestalde, Dbiziko bizikletetan egindako bidaia gehienek 15 minutu baino gutxiagoko iraupena izan dute, eta horien atzetik 15-30 minutuko iraupena izan duten bidaiak daude. Datu horien arabera, bizikletak ahalik eta gehien txandakatzea lortzeko ezarritako helburua betetzen ari da. Zehazki, 2025ean bidaien batez besteko iraupena 2024an baino txikiagoa izan da (12 minutu eta 15 segundo 2025ean, eta 13 minutu eta 40 segundo, berriz, aurreko urtean). Erabilera generoaren arabera aztertuz gero, 2025ean emakumeek bidaien %34,06 egin zituzten eta gizonek %65,94.
Era berean, DTKn pasa den urtean kontabilizatu ziren bidaien kopurua, Dbuseko eta Dbiziko zerbitzuak barne, 35.044.276 bidaiakoa izan da, eta 2024an, berriz, 33.321.324 bidaiakoa izan zen. Horrek esan nahi du %4,9 egin duela gora.


