First Lego League Euskadi 2026ko egoitza nagusietako bat izango da Donostia
First Lego League Euskadi programaren 17. edizioan anfitrioi izango da Donostia, besteak beste. Innobasque First Lego League Euskadi programak inoizko parte-hartzerik handiena izango du bere 17. edizioan, 3.400 ikasle baino gehiagorekin. Otsailaren 28an jokatuko den torneoak lau hiri bilduko ditu aldi berean, tartean, Donostia.
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatutako hezkuntza programa bat da, Deustoko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Ekimenaren helburua 6 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko bokazioak sustatzea da, talde lana eta berrikuntza ardatz hartuta.
Donostia, anfitrioi
Donostiako egoitzan, Deustoko Unibertsitateak antolatuta, 44 taldek hartuko dute parte: 27 Challenge kategorian eta 17 Explore kategorian. Guztira, hamabost ikastetxetako ikasleak bilduko dira hirian, zientzia eta teknologiaren inguruko erronketan parte hartzen.
Aurtengo edizioan, Euskadi osoko 68 ikastetxetako 205 talde ariko dira lehian, eta Unearthed erronka landuko dute, arkeologian oinarritua: ikasleek roboten programazioa eta berrikuntza proiektuak uztartuko dituzte bertan, benetako arazoei irtenbideak proposatzeko.
Donostian egingo den jardunaldia FLL Euskadi programaren amaierako hitzordu nagusietako bat izango da, eta hiria berriz ere STEAM hezkuntzaren erreferente gisa kokatuko du Euskal Autonomia Erkidegoan.


