Groseko inude eta artzainek igandean ospatuko dute euren 25. urteurrena
Groseko inude eta artzainak Katalunia plazan, dantzan, 2025ean.Asier Gonzalez de San Pedro Sansebastianak pasatu dira, baina neguko jaiek aurrera jarraitzen dute Donostian, eta asteburu honetan bertan egongo da zer ospatu. Hain zuzen ere, Artainu Groseko inude eta artzainen konpartsa igandean aterako da kalera, otsailaren 1ean, Kandelario egunaren bezperan.
Urte berezia izango da 2026a Artainukoentzat, konpartsaren 25. urteurrena ospatuko baitute: “Konpartsa hazten joan da azken hamarkada honetan, eta aurten 82 dantzari, 30 danbor jotzaile, 68 figurante, Deiadar txarangako hamasei musikari, bi erraldoi eta bi buruhandi aterako dira; guztira, 200 partaide”, azaldu dute. 11:30ean abiatuko dute desfilea, Txofre kaletik, eta Jose Maria Soroa, Marino Tabuyo, Jose Arana, Bermingham eta San Frantzisko kaleetatik ibili ostean, 12:30ean, geldialdia egingo dute Katalunia plazan, bertan inude eta artzainen ohiko parodia egiteko.
Aitona oroimenezko saria emango dute bertan, baita ere: “Aurten, Zurriola ikastolak jasoko du, euskal folklorearekin eta kulturarekin duen konpromisoagatik, eta urte hauetan guztietan Artainuren laguntzaile izateagatik”, nabarmendu dute. Desfilearekin jarraituko dute ondoren, kale hauetatik: Trueba, Secundino Esnaola, Aita Larroka, Karkizano, Aita Larroka, Mirakruz, Gloria (atsedenaldia mokadutxoa hartzeko), Galtzada Nagusia, Nafarroa Beherea plaza, Secundino Esnaola, Bermingham eta Artetxe Jenerala. 14:15ak aldera amaituko da festa.
Hurrengo asteburuan ospatuko dituzte inude eta artzainak Parte Zaharrean, auzo gehienetako kaldereroak asteburu horretan ospatuko dituzten moduan, baina zartagin eta mailu hotsak asteburu honetan bertan ere entzun ahal izango dira Donostian, Loiolakoak eta Txomiñenekoak larunbatean aterako baitira kalera. Horrez gain, motorrak berotzen joateko, hemen ikus ditzakezue iazko Groseko inude eta artzainetako argazkiak.


