Hamaika jarduera dakartza Emakumeak Zientzian egitasmoak
2020ko Emakumeak Zientzian egitasmoko jarduera bat, Donostian. (Argazkia: Emakumeak Zientzian) Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da otsailaren 11 eta horren harira Emakumeak Zientzian egitaraua prestatu dute zientziaren esparruko 35 eragilek. Hamar urte beteko ditu aurten egitasmoak eta orain arte egindakoa aitortzeaz gain, etorkizunera begira jarriko dira antolatzaileak. Hamarkada honetan aurrerapausoak eman arren, zientzian oraindik ere desberdintasunak badirelako: ezagutza nola eraikitzen den, nork duen ahotsa, nork gidatzen duen eta nor geratzen den bazterrean….
Marea bizi gara leloa aukeratu dute kolektiboaren indarra nabarmentzeko, izan ere, “marea bizi bat ekarpen txiki askoren baturatik sortzen da; elkarrekin mugimendua eragiten dute”, eta hori da egitasmoaren espiritua: “sarean lan egiten duen proiektu bat, emakumeen parte-hartzea bultzatzen duena, gizartearekin konektatutako zientzia irekiago eta bidezkoago baten alde egiten duena, eta estereotiporik gabeko bokazio zientifikoak pizteko lan egiten duena”. Leloaz harago, proiektua ulertzeko eta aurrera egiten jarraitu nahi duen bidea marrazteko modua ere bada, elkarlanetik, konpromisotik eta aniztasunekin “zientzia hobea” lor daitekeela sinetsita.
Otsailaren 3tik 11ra bitartean, 70 jarduera baino gehiagoko egitaraua aurrera eramango dute, EAEko hainbat txokotan. Askotarikoak dira eta adin guztietako jendeari bideratuak, “ekintza kolektibo txikiek denboran zehar irauten dutenek, eragin eraldatzailea sortzen dutela azpimarratzeko”. Abiapuntua Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo duten Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak ekitaldia izango da. Bertan, ikerkuntzaren hainbat arlotan lan egiten duten zientzialari nabarmenek hartuko dute parte. Hortik aurrera, adin guztietako publikoari zuzendutako jarduerak egingo dira. Besteak beste, familiek Donostiako hiriko paisaia eta arroken bidez historia geologikoa ezagutzeko aukera izango dute ibilbide dibulgatibo batean, edota, urtero legez, 55 urtetik gorako emakumeei bereziki zuzendutako jarduera ugari antolatuko dira, kulturaren transmisore gisa duten rola azpimarratuz.
Amaitu, berriz, otsailaren 11n Aquariumean egingo den jai ekitaldi batekin. Topaketa horretan hausnarketa prozesu baten emaitza partekatuko dute eta Emakumeak Zientzian egitasmoaren etorkizuneko ildoak markatuko dituzte.


