«Hontzan hasi ginenean ilusioa genuen, eta hori ez dugu inoiz galdu»
Martxoaren 31n itxiko dute Donostiako Hontza liburu denda. Moiua eta Tatiegi 42 urtez arduratu dira dendaz; pozik daude egindako bidearekin, nahiz eta pena ere sentitzen duten.
Esther Moiua eta Ramon Tatiegi, Hontza liburu dendako arduradunak.Berria Bi andre daude Donostiako Hontza liburu dendaren erakusleihoari begira. «Laster itxiko omen dute», esan dio batak besteari. Lagunak badaki, periodikoan-edo irakurri du: «Ze pena!». Barnean ere bada jendea, liburuak eskuetan, kontrazaleko sinopsia irakurtzen. Ramon Tatiegi eta Esther Moiua liburu dendako arduradunek orain urtebete iragarri zuten denda ixteko asmotan zirela, eta dagoeneko jarri dute itxiera data: martxoaren 31. «Eskerrak eman nahi dizkiegu gurean izan diren bezero guztiei, haiengatik egon garelako gu hemen».
Zer moduz zaudete?
Esther Moiua (E.M.): Ondo eta txarto. Jubilatzeak pozten nau, baina pena ere badut, gure proiektu honi atea itxi behar diogulako. Martxoaren 31n amaituko da gure bizitzako garai garrantzitsu bat.
Ramon Tatiegi (R.T.): Nik urrutixeagotik bizi dut, orain hiru urte jubilatu nintzelako. Ez dut dendakoekin kontakturik galdu, baina ez naiz Esther bezainbeste egon. Duela pare bat urte hartu genuen denda ixteko erabakia, eta nik orduan pasatu nuen gaizki. Uste nuen dolua pasatua nuela, baina itxiera data jartzeak berriro ekarri dit min hori. Hemen lanean aritzen nintzenean, urduritu egiten nintzen jendearekin, eta hemendik ateratzen nintzenean, mendira joaten nintzen bakarrik. Orain faltan sumatzen dut jendea.
Izan ere, hemen pasatu duzue zuen bizitzako puska handi bat…
R.T.: 42 urte. Hontza ireki eta bi urtera sartu ginen biok, eta egoera ekonomikoa oso txarra zen orduan. Lan asko eginda lortu genuen egoera hari buelta ematea. Urte hauetan guztietan poz handiak eman dizkit Hontzak, asko eman didan jendea ezagutu dudalako hemen, baina liburu dendak kendu ere asko kendu dit.
E.M.: Erronka handia zen guretzat. Lanean hasi, eguerdian supermerkatura joan, ogitarteko bat erosi, eta lanera sartzen ginen berriz.
Elkarrizketa hau Berria egunkaritik ekarri dugu, CC lizentziei esker; Berria-ren webgunean irakur dezakezue osorik.


