'Mozorrotruk', jasangarri mozorrotu nahi duenarentzat
Otsailean iritsiko da 'Mozorrotruk' bigarren eskuko mozorro azoka, Tabakalerara.Tabakalera Inauteriak ate joka ditugu, eta Tabakalerak Mozorrotruk bigarren eskuko mozorro azoka hartuko du, bigarrenez, Emaus Gizarte Fundazioarekin eta Impact Hub Donostiarekin elkarlanean. Otsailaren 5ean, 6an, 7an, 13an eta 14an izango da, Tabakalerako lehen solairuan.
Inauteriak “sortzaileagoak eta inklusiboagoak” izan daitezen nahi dute bultzatzaileek, eta ingurumenarekin ahalik eta inpakturik txikiena edukitzea sustatu. Mozorro osoak, jantzi solteak, osagarriak… denetarik aurkituko ditu azokara gerturatzen denak; hala, mozorro proposamenak originalagoak eta, aldi berean, jasangarriagoak eta arduratsuagoak izango dira.
Hala, azokaren amaieran saldu ez dena Emaus fundazioaren dendetara eramango dute.
Josteko tailerra
Azoka ez da soilik erosteko gune izango; mozorroak jasotzeko gunea ere izango da, dohaintzak edo trukeak egin nahi dituztenentzat. Horrez gain, josteko eta upcycling egiteko tailer ireki eta doako bat egingo dute, bi egunetan, mozorroren bat eraldatu nahi duenarentzat.
Tailerra eskainiko duten bi egunetan jostun profesional baten laguntza izango dute bertan, eta josteko materiala ere erabilgarri izango dute. Ez da beharrezkoa izena ematea, ezta aurretiko ezagutzarik edukitzea.
Ordutegiak eta kokalekua
Tabakalerako lehen solairuan izango da azoka, Infopuntuaren aurrean, hain zuzen ere. Otsailaren 5ean, 6an eta 13an, 17:30etik 19:30era egongo da zabalik; otsailaren 7an, aldiz, 11:30etik 13:30era.
Era berean, tailerrak otsailaren 7an eta 14an izango dira, 11:30etik 13:30era.


