Transfobiaren aurkako protestara deitu dute hainbat eragile transfeministek
Ehgam, Donostiako Asanblada Transbollomarikak eta Gipuzkoako Trans Asanbladak elkarretaratzea deitu dute ostiralerako, hilak 30. Terfak Donostiatik Kanpora! Feminismoaren izenean transfobiarik ez lelopean bilduko dira Euskadi plazan, 19:00etan, protesta zaratatsu baten bidez handik gertu Feministas al Congreso alderdiak aurrera eramango dituen hitzaldi transfoboak gaitzesteko.
“Ekitaldi tansfobo bat antolatu dute TERFek—feminista tranfosboek— eta txertoen aurkako taldeek. Haien helburua trans pertsonekiko gorrotoa eta teoria konspiranoikoak zabaltzea da haurren ongizatea aitzakiatzat hartuta”, azaldu dute deitzaileek. Haien hitzetan, Babestu-Protección plataformak zientzia arbuiatzeaz gain, haurrei buruzko diskurtso alarmistak partekatu eta beldur kolektiboak indartzen ditu, giza eskubideak eta osasun publikoa kolokan jarriz.
“Ez dugu inolaz ere onartuko. Aurrean izango gaituzue, eta elkarte eta norbanako horien transfobia irmoki salatuko dugu”, aldarrikatu dute deitzaileek eta ekitaldia bertan behera uztea eskatu dute.


