Uliako Gimnastikaren krosak bere doinu propioa du, honezkero
Uliako Gimnastikaren krosa, 93. edizioa.quieromisfotos Otsailaren 8an egingo dute aurtengo 10k Ulia Gimnastikaren krosa, 95. aldiz —lehen, Errege Krosa baitzen— eta berritasun batekin dator aurten; izan ere, Iratzar taldeak ondutako abesti propio bat du lasterketak, honezkero: U.G. Krosa (Ongi Etorri). Dagoeneko entzungai dago, plataforma digital gehienetan.
Xabier Mitxelena Ulia Gimnasikako kideak izan zuen abestia egitearen ideia; oniritzia jaso ondoren, hitzen lehen bertsioa landu zuen Mitxelenak, eta Iratzar erromeria taldeko Edurne Orbegozo abeslariari luzatu zion proposamena. Taldeak onartu, eta iazko abenduaren 13an grabatu zuten abestia, Berriozarko Musiikki estudioan.
Iratzar taldekoek esan dutenez, abestiak “tradizioarekiko errespetua mantendu eta ohitura berriak txertatzeaz” hitz egiten du, baita lasterketa eguneko jai giroaz ere. Gehitu nahi izan dute, hala, “esperientzia ederra” izan dela, sormen lanetan bete-betean ibili diren lehen aldia izan delako.


