Ayesa ITren egoitza Miramonen mantentzearen alde agertu da udalbatza
Ayesa enpresa, Miramonen. EH Bilduk Donostiako Ayesa IT egoitzaren inguruko mozio arrunt bat aurkeztu du urtarrileko osoko bilkuran. Iazko abenduaren 31n, Eusko Jaurlaritzak, BBK-k, Kuntxabanken Indar funtsak eta Tekneik osaturiko euskal partzuergoak Ayesa Digital enpresa erosi zuen 480 milioi euroren truke. Erosketa horrek, ordea, Donostiako egoitzaren lekualdatzea ekar dezake.
Horregatik, EH Bilduk Kutxa Fundazioari eta Jaurlaritzari eskatu die Ayesaren egoitza Miramongo parke teknologikoan geratzeko lan egin dezatela. Era berean, hiriak Ayesa ITren egoitzan erabaki ahalmena izateko, Kutxa Fundazioak erosketan parte hartzea sustatzea eskatu dute. Mozioa udal talde guztiek babestu dute, EAJk izan ezik.
Euskal partzuergoaren erosketarekin, Ibermatica Euskal Herrira itzuliko da. Kutxabankek 2013an saldu aurretik, Gipuzkoan zegoen enpresaren egoitza fiskala, baina BBK partzuergoaren parte izanda, baliteke Bizkaira lekualdatzea. Lan zentroei dagokienez, bi dira nagusiak: Donostiakoa eta Zamudiokoa (Bizkaia), eta 2.000 langile biltzen dituzte denera. Horietatik kopuru handi batek lan egiten du Gipuzkoako hiriburuan.


