Igeldoko hezeguneak ezagutzeko txangoa egingo dute igandean
Igeldoko hezegunean ezagutzeko aukera izango da igandean.Cristina Enea Fundazioa Cristina Enea Fundazioak Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera Igeldora irteera antolatu du iganderako, otsailak 1, Hezeguneen Mundu Eguna dela ospatzeko. Hezegune txikiak —putzuak eta errekak— ezagutzea du helburua, naturgune horien garrantzia, bertako biztanleak eta ekosistema ezberdinetan betetzen duten paper garrantzitsuarekin batera.
Oharkabean igarotzen badira ere, bizi gordailu dira, eta hegoaldeko zuhaitz igela ugaltzeko leku nagusia; espezie hori, gainera, Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan Galtzeko Arriskuan atalean jasotzen da. Aranzadi Zientzia Elkarteko Ion Garin-Barrio herpetologoaren azalpenei esker, parte hartzaileek inguruko biodibertsitatea hobeto ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, zorte pixka batekin, urmael eta erreketako anfibioak eta odonatuak ikusi ahal izango ditugu.
Goiz osoko jarduera honetan mendi-ibiliak, azalpenak eta urmaelen laginketa uztartuko dira. Txangoa ez da oso gogorra, baina mendirako eta aurreikusitako meteorologiarako arropa eta oinetako egokiak eramatea gomendatzen da, baita janaria eta edaria ere, jateko tarte bat hartuko baitute. Irteerak 4 orduko iraupena izango du, gutxi gorabehera. Doakoa bada ere, aurrez izena eman behar da www.cristinaenea.eus webgunean. Topaketa 10:00etan izango da, Igeldoko kanpineko autobus geltokian. Bertara joateko, 16 autobusa (Igeldo) har daiteke, Bulebarretik 09:35ean ateratzen dena.
Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak ekimenaren garrantzia eta herritarrak ingurune zaurgarri horietara hurbiltzeko beharra azpimarratu du: “hezeguneak oso gertu ditugun altxor ekologiko txikiak dira, baina askotan ez ditugu behar adina baloratzen. Horrelako jarduerek aukera ematen digute haren aberastasuna ezagutzeko, haren funtzioa ulertzeko eta haren kontserbazioarekin dugun konpromisoa indartzeko. Gune horiek babestea Donostiako biodibertsitatea eta gure ekosistemen oreka babestea da”.
Oihana Orkolaga Cristina Enea Fundazioko ingurumen-hezkuntzako taldeko kideak azaldu duenez, leku horiek gutxietsi egin dira hainbat garaitan, gaixotasunen iturri zirela uste baitzen. Horregatik, uste du garrantzitsua dela Hezeguneen Mundu Eguna ospatzea, “gure inguruko putzuak ezagutzeko eta, horrela,ezkutatzen dituzten altxorrak ikusi ahal izateko eta espazio horiek babestu beharraz kontzientziatzeko”.


