Pentsiodunak PPren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira, pentsio duinak aldarrikatzeko
Adierazi dute pentsioen errebalorizazioa "ezin" dela egon "Kongresuaren urteko bozketaren eta alderdien arteko harremanen mende", eta, horregatik, "pentsioen errebalorizazio automatikoa" aldarrikatu dute.
Illunbe kalean elkarretaratu dira pentsiodunen mugimenduko kideak Donostian, PPren egoitzaren aurrean.Beñat Parra PP, Vox, UPN eta Junts alderdi politikoek, Espainiako Kongresuko euren aurkako botoekin, atzera bota dute aste honetan pentsioen igoerari buruzko dekretua, eta, hori dela eta, Hego Euskal Herriko hiriburuetako PPren egoitzen aurrean elkarretaratzera deitu du ostegun eguerdian pentsiodunen mugimenduak. Donostian, Amara Berrin egin dute mobilizazioa, Illunbe kalean, eta ehun bat pentsiodun elkartu dira, pentsio duinen alde.

Illunbe kalean elkarretaratu dira pentsiodunen mugimenduko kideak Donostian, PPren egoitzaren aurrean.Beñat Parra
“Aurten ere, alderdi batzuek beren interes partikularrak lehenetsi dituzte, pertsonen bizi baldintzak hobetzearen gainetik”, salatu dute, aipaturiko alderdi eskuindar eta ultraeskuindarrei erreferentzia eginez. Salatu dutenez, “onartezina da pentsioen errebalorizazioaren aurka bozkatzea eta onartezina da gobernua errebalorizazio hori bermatzeko gai izan ez izana”. Ildo horretatik, adierazi dute pentsioen errebalorizazioa “ezin” dela egon “Kongresuaren urteko bozketaren eta alderdien arteko harremanen mende”, eta, horregatik, “pentsioen errebalorizazio automatikoa” aldarrikatu dute.
“Lehen abisua”
Nabarmendu dutenez, gaurko mobilizazioa “lehen abisua” izan da: “Otsailaren 20rako ez badago 2026rako pentsioen igoera bermatuta, berriro mobilizatuko gara eta, oraingo honetan, estatuko herrietako pentsiodunen plataformarekin egingo dugu”.

Illunbe kalean elkarretaratu dira pentsiodunen mugimenduko kideak Donostian, PPren egoitzaren aurrean.Beñat Parra
Era berean, azaldu dute pentsio publiko duinen aldeko borroka ez dela amaitzen errebalorizazioarekin: “Urte amaierako ordainsaria berrezartzea eskatzen dugu, pentsioen erosteko ahalmenaren urteko galera posiblea konpentsatzeko”. Izan ere, pentsioek “miserableak” izaten jarraitzen dutela salatu dute: “Banakako pentsioa 936,20 eurokoa da, hamalau ordainsaritan”. Horregatik, “gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea” eskatu dute, “genero arrakalaren kronifikazioa eta adinekoentzako diru sarrera eskasiak eragozteko”. Gogorarazi dutenez, 168.966 pentsiodun daude Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta Nafarroan 51.103 Nafarroan.


