Uliako askaldegia «epe laburrean» lizitaziora aterako du udalak
EH Bilduk osoko bilkuran eskatu du establezimenduaren lizitazio berriak "natura lehenestea" eta "erabilera komunitarioa" bermatzea.
Uliako taberna zeharo utzita dago. Bost urte baino gehiago darama itxita Uliako askaldegiak, Basollua elkartearena izandakoak. 2020an, taberna eta jatetxea kudeatzen zituen enpresak kontratuari uko egin ondoren, 2023ko apirilean, Donostiako Udalak lehiaketa publikoa abiatu zuen Ordea, hutsik geratu zen, eta ez dute beste lehiaketarik egin.
Hori dela eta, EH Bilduk urtarrileko osoko bilkurara eraman du Uliako askaldegiari buruzko kontroleko mozioa. Udalbatzari eskatu dio lizitazio berriak “natura lehenestea” eta “erabilera komunitarioa” bermatzea. Udal talde guztiek babestu dute, PPk izan ezik.
Mozioaren harira, EAJko Kerman Orbegozo zinegotziak aurreratu du “epe laburrean” lizitaziora aterako dutela Uliako eraikina. Zehazki, urteko bigarren hiruhilekoan. Gaineratu duenez, establezimenduaren erabilera askotarikoa izatea aurreikusten du udal gobernuak. Hau da, ostalaritza zerbitzua mantenduko dute, baina beste erabilera batzuk emango dizkiote eraikinari. Horrekin batera, Orbegozok esan du askaldegiaren bideragarritasuna bermatzea dela helburua.


