60 urte Jarrairen jaialdi historikotik: «Lehenen eta beti euskaldunak!»
Sei hamarkada bete ziren iragan urtarrilaren 23an Jarrai antzerki taldeak Viktoria Eugenia antzokian euskal musikaren jaialdi historikoa antolatu zuenetik. Frankismo betean, euskal kulturaren berpizkundeak indarra erakutsi zuen Donostian.
Jarrai antzerki taldeko hainbat kide, 1961ean. Zutik, Iñaki Agirre, Igone Egaña, Itziar Olaizola, Marcelino Olaizola, Aurori Urbizu, Juan Antonio Arozena, Aristizabal, Salaberria, Etxarri, Iñaki Beobide eta Axen Egaña. Makurtuta, berriz: Eneko Irigarai, Karmele Esnal, Xabier Goenaga, Edurne Albisu eta Joxe Mari Aristi. Andoni Zinkunegi Gerraosteko hamarkada ilunen ostean, ilunak izaten jarraitzen zuten frankismoaren bigarren erdialdeko garaietan, berpizkunde bat eman zen Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean, 36ko gerrako seme-alaben belaunaldiaren eskutik. Kultur arloan, Donostian sortutako Jarrai antzerki taldea izan zen berpizkunde horren erakusgarri garrantzitsuenetako bat, eta 60 urte bete berri dira taldeak Viktoria Eugenia antzokian jaialdi historiko bat antolatu zuenetik.
1966ko urtarrilaren 23a zen, eta Jarraik Viktoria Eugenia antzokiko sarrera guztiak saldu zituen, La Voz de España egunkariak Arte Ederrak antzokian Concurso de Artistas Noveles jaialdia antolatu zuen egun berean. Goraino betetako antzokiko oholtzara atera ziren Jarraiko Ramon Saizarbitoria eta Kemen hirukoteko Marian Arregi, eta indartsu eman zioten hasiera saioari: «Gazteok, izan zaitezte ye-ye edo nahi dezutena, baina lehenen eta beti euskaldunak!».
Jaiak izango zuen ildoa argi utzita, bata bestearen atzetik igo ziren agertokira egun euskal kulturaren erreferenteak diren artista ugari: Benito Lertxundi, Kemen hirukotea, Mikel Laboa, Lurdes Iriondo, Zuaznabar anaiak, Arantxa Gurmendi, Julen Lekuona eta Mikel Bikondoa. Amaitzeko, Pelotari filma proiektatu zuten, euskaraz. Ez Dok Amairu artista talde entzutetsuko kideak ziren horietako hainbat, hain zuzen ere, taldea sortu berria baitzen orduan. Egun batzuk lehenago, urtarrilaren 9an, antzeko beste jaialdi bat egin zuten Hernanin.
Hurrengo asteko Zeruko Argia aldizkariak bi saio haietako kronika argitaratu zuen, lehenengo paragrafotik argi utziz jaialdiaren garrantzia: «Garaipen aundia izan du gure izkuntzak». Era berean, artista bakoitzaren emanaldiari buruzko iruzkin bat zekarren kronikak, Benito Lertxundirekin hasita: «Mutil onek bere kitarraz, igaz La Voz de España-k antolatutako leiaketan, bigarren saria jaso zuan. Euskeraz ere, jator kantatzen du».
Kemen hirukotea «pilarmonikaz lagunduta» taularatu zela dio kronikak, baita «kanta arin eta atsegiñez» saioa girotu zuela ere. Mikel Laboa «mediku gazteak kanta zarrak berrituta bezela» jo zituela nabarmendu zuten, baita Lurdes Iriondok inoren beharrik ez zuela ere, «kitarra artu ta zoragarri abesteko». Zuaznabartarrei dagokienez, Zeruko Argia-k zioen euren txalaparta «antziñateko usaiz igurtzia» zetorrela; Arantxa Gurmendiz, «bere era berria dotore ta txairo orkestinaz bere doiñuak apainduaz» erakutsi zuela zioen aldizkariak; Julen Lekuona «apaiz jaunaz», «abesti sakonak eta zirrarakorrak» isuri zituela gitarrarekin eta, azkenik, Bikondoaz, bere doinuez gozarazi zuela antzokian bildutako herritar oro. «Pelotari pelikula euskeraz ikusi genduan arri ta zur. Alako zine ederrik eta ikusgarririk!», gaineratu zuen kazetariak.
1950eko hamarkadatik
Jarrai antzerki taldea 1950eko hamarkadaren amaieran sortu zen, Donostian, garai hartan euskalgintzaren eta berpizten ari zen euskal kulturaren inguruan zebiltzan hainbat lagunen eskutik. Euskaltzaindiaren Ekin eta Jarrai lelotik hartu zuten taldearen izena, eta 1970eko hamarkadara arte aritu zen euskal kultura hauspotzen.
Iñaki Beobide eta Axen Egaña Donostiako euskaltzale eta kulturgileak taldearen hastapenetan han zebiltzan, eta, hain zuzen ere, Beobidek hartu zuen taldearen zuzendaritza 1961etik aurrera. Frankismo betean, arnasgune handi bat izan zen euskararentzat eta euskal kulturarentzat Jarrai, eta, hein batean, beste arnasgune bati esker atera zen aurrera: Erdialdeko Aurrera taberna mitikoari esker. Izan ere, bertan entseatzen zuten taldekideek.
Aurrera taberna ezinbestekoa izan zen moduan, Jarrai ere hala izan zen euskararen eta euskal kulturaren biziraupenerako, baita egungo erronketarako eredu ere. Duela 60 urte, argi zuten Zeruko Argia-koek zein zen euskararen biziraupenerako bidea: «Iparragirrerenak bere sasoian bezela, barreia ditezela aide berriok Euskalerri guzian!».




