Absolbitu egin dituzte Guardetxeko auzipetuak
AZGAk Guardetxearen alde joan den astean egindako agerraldi jendetsua.AZGA Asteartean hasi zen Guardetxeko auzipetuen aurkako epaiketa, eta, Guardetxeko kideek iragarri dutenez, dagoeneko jaso dute sententzia: absolbitu egin dituzte. “Honek esan nahi du bi kideak ez dituztela zigortuko, eta datozen asteetan Guardetxeaz gozatzen jarraituko dugula!”, nabarmendu dute. Era berean, eskerrak eman dizkiete “elkartasuna eta babesa” adierazi dieten herritar guztiei.
Horrela, epaiketan Fiskaltzak eskatutakoa ontzat eman du epaileak, fiskalak absoluzioa eskatu baitzuen. “Donostiako Udalak ez du akordiorik sinatu nahi izan eta, beraz, defentsa juridikoa prestatu behar izan dugu; ikusi beharko dugu epaileak zer erabakitzen duen”, adierazi zuen Guardetxeko kide Josu Egurza Nazabalek epaiketaren egunean. Era berean, nabarmendu zuen “argi” dutela “sei urtez hutsik egon den eraikin bat auzolanean konpondu eta proiektu komunitario bat martxan jartzea ez dela delitua”.
Maiatzaren Lehenetik okupatuta
Alde Zaharreko Gazte Asanbladak (AZGA) pasa den Maiatzaren Lehenean okupatu zuen hamar urtez hutsik izandako espazioa. Hilabete hauetan askotariko eskaintza politiko zein kulturala antolatu dute Guardetxean: musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, proiekzioak, hitzaldiak, kirol entrenamenduak, bakarrizketak, bertso txapelketa, elkartasun ekimenak, Doako Azoka, txalaparta klaseak. Bestalde, elkarte eta eragile ugarik ere erabili dute Guardetxea. Bitartean, espazioa atondu eta bizilagunen kexak ekiditeko neurriak hartu dituzte, hala nola, ordutegiak mugatu eta gunea intsonorizatu.
Salatu dutenez, ordea, 2026ko Udal Aurrekontuetan ez dago Guardetxea konpontzeko diru partidarik eta, beraz, udalak ez duela inolako proiekturik Guardetxearentzat, eta, “borondatea adierazteaz haratago, ez du Guardetxea auzoarentzat bideratzeko inolako berme edo konpromiso errealik hartu”. Horren ondorioz, gazte asanbladak deitoratu du udalaren jarrera eta “errepresioaren” eta “polizia indarkeriaren” bitartez Guardetxea hustu nahi dutela salatu dute.
