Asteburu honetatik aurrera alaituko dituzte kaleak kaldereroek eta inude eta artzainek
Kaldereroak eta inude eta artzainak aurkeztu dituzte, udaletxean. Donostiako Udala Sansebastianak pasata ditugun honetan, neguko jaiek ez dute etenik; kaldereroen eta inude eta artzainen txanda izango da oraingoan, gerora etorriko diren inauteriei hots egiteko aterako baitira kalera.
Gaur aurkeztu dute udaletxean aurtengo kalderero eta inude eta artzainen programa; asteburu honetan hasiko dira goiztiarrenak kaleak alaitzen, eta datorren asteburuan aterako dira gehienak, hiriko zenbait auzotan. Jon Insausti alkatea oso eskertuta agertu da, konpartsen aurrean: “Geure ondarea, musika, dantza, tradizioak, bizirik mantentzen dituzte. Eta horretarako modurik onena, horiek egitea, erabiltzea da”.
Loiolan, Antiguan eta Txomiñenean izango dira lehen kaldereroak bihar, eta Grosen lehen inude eta artzainak igandean, Artainu konpainiaren eskutik. Azken hauek, hala, beren 25. urteurrena ospatzen dute aurten, berrikuntza ugarirekin.
Badatoz kaldereroak
Aurten, 19 tribuek osatuko dute Parte Zaharreko kaldereroen konpartsa tradizionala; 410 pertsona inguru aterako dira otsailaren 7ko iluntzean Parte Zaharreko kaleak zartagin hotsaz eta kantuz alaitzera, Gauerdi txarangaren doinupean. Fermin Calbeton kaletik irtengo dira 21:45ean, eta ordubata eta erdiak pasata bukatuko dute, Gaztelubide elkartearen parean.
Urtero bezala, kanpamentua egingo dute Plaza Berrian, 22:00etan. Bertan, 21:30etatik aurrera egongo dira Donostiako Udaleko Musika eta Dantza eskolako bandak plaza girotzen, tribuak iritsi arte. Momentu horretan, Kresala Dantza taldeak Gopak dantza taularatuko du, eta tribuek eta bandak elkarrekin joko dituzte zenbait pieza, eta gero, beren ibilbidea jarraituko dute kaldereroek.
Urtero ekoizten du kaldereroen konpartsa tradizionalak pin oroigarri bat; aurtengoa, hala, Kaleko Afari Solidarioak elkarte taldeari elkartasuna adierazteko egin dute. Gainera, elkarteko kideak izango dira aurtengo erregina eta bi damak: Ane Acha, Edurne Lertxundi eta Edurne Arregi.
Auzoetan, ere bai
Otsailaren 6an, ostirala, Amaran, Grosen eta Aieten aterako dira kaldereroak; otsailaren 7an, larunbatarekin, aterako dira gehienak, ordea: Parte Zaharra, Amara Berri, Egia, Grosen, Herreran eta Amaran, zenbait konpartsatan banatuta. Otsailaren 8an, Altzakoen txanda izango da, eta, amaitzeko, otsailaren 13an aterako dira azkenak, inauterien bezperan, Antiguan.
Artainuren zilarrezko ezteiak
Ospakizunetan murgilduta dabil aurten Artainu Groseko Inude eta Artzaien konpartsa; izan ere, bere 25. urteurrena ospatzen du. Aurtengo desfilean, 200 pertsonek parte hartuko dute, konpartsaren hazkundea azpimarratuz. 11:30ean aterako dira Txofre kaletik, 12:30ak aldera egingo dute parodia Katalunia plazan, eta 14:15ak aldera amaituko dute, Artetxe Jeneralaren kalean.
Aurten, gainera, Zurriola ikastola omenduko dute, parodiaren ostean, “konpartsarekin izan duen lankidetza etengabearengatik”. Laida Etxeberria Artainuko kideak adierazi du, “oso urte berezia” dela beraientzat.
Kresala, betiko martxan
Kresalako inude eta artzainak, ordea, otsailaren 8an irtengo dira; hauetan ere 200 pertsona inguruk hartuko dute parte, dantzari, danborjole eta musikariak batuta. Joselontxos txarangaren erritmora aterako dira, eta Udalaren Txistulari Bandarekin batuko dira Plaza Berrian. Bertan, pieza batzuk partekatuko dituzte.
Aurten hasten du Kresalak, gainera, beren 50. urtea, baina ospakizunak datorren urtean egingo dituzte.
Kresala eta Artainuz gain, bestelako Inudeen eta Artzainen konpartsa batzuek ere alaitzen dituzte auzoak: Ikasbide ikastolakoak ibiliko dira dantzan dira igande honetan Loiolako Erriberan eta Amaran eta otsailaren 13an izango da Antiguakoen txanda.
Joselotxontxosen soinu banda
Hiriko neguko jaietako melodiak txaranga estilora ekarri ditu Joselontxos txarangak, Donostia Festatekin elkarlanean; danborradako abestiak etorri ziren lehenago —jada entzungai daude, eta hamabi dira, guztira— eta kalderero eta inude eta artzainen doinuen txanda da orain; bihartik aurrera egongo dira entzungai plataforma digitaletan, hamalau kantuak.
Abestiak ahotsekin eta ahotsik gabe grabatu dituzte, kopartsa desberdinetako kideen eta Santa Cecilia Abesbatzako kideen laguntzaz.
Irudiaren garrantzia
Aurkezpenean, aurtengo kalderero eta inude eta artzainen kartelei ere beren tartea eskaini nahi izan diete; izan ere, hiriko jaiek merezi zuten irudi profesional bat. Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’-k egin du kaldererotakoa —bigarren urtez jarraian—, eta Lanzagorta estudioak, inude eta artzainena.
Jose Luis Lanzagortak eskerrak eman nahi izan dizkio udalari, konfiantzarengatik: “Eskerrak eman nahi nituen kartelen duintasuna goratu nahi izateagatik, eta profesionalekin kontatzeagatik, kartelei merezi duten garrantzia emateko”.
