Auzo guztiak bisitatuta, bi urte bete ditu EH Bilduren 'Plazatik' egitasmoak
Bi urte bete ditu EH Bilduren 'Plazatik' egitasmoak. Martutenen egin zuten lehenengo saioa eta hara itzuli dira bigarren urteurrenean.EH Bildu Donostiako EH Bilduk duela bi urte abiatu zuen Plazatik egitasmoa, hiriko auzo guztiak bisitatu eta bakoitzeko eragile eta norbanako ugarirekin hitz egiteko helburuarekin: “Interes orokorra partikularren gainetik jarri, Donostia osatzen duten auzo eta auzuneei erreparatu eta entzuketa aktibotik horri bide eman”, azaldu du alderdiak. Auzo guztietatik pasatu dira bi urteotan, eta bigarren itzuliari ekin diote, hasi ziren auzotik, Martutenetik.
“Martutenen hasi izana ez zen kasualitatea izan, Urumeako ibarrak EH Bildurentzat sinbolismo berezia duelako”, nabarmendu dute: “Urumea ibaiaren ardatzean demostratu genuen, alkatetzara ailegatu berritan, nola egin daitezkeen gauzak borondate politikoa badago: herritarrak erabaki guneetara gonbidatuz eta herritarrekin kalean lan eginez, bulegoak irekiz. Eta denbora honetan guztian eredu berbera aplikatuz aritu gara, konpromisoz eta ardura osoz”.
Azaldu dutenez, hauek izango dira Plazatik-en lan ildo nagusiak: “Nola eragin dezakegu gehiago? Nola sakondu daiteke gobernantza kolaboratzailean? Galdera hauek eta beste batzuk buruan, ahalik eta ahots anitzenak jasotzea dugu helburu, haien beharrak lurreratu eta arazoak irtenbidearen norabidean jartzeko. Edizio honek batzar irekiak izango ditu auzo guztietan eta, bertan, edozein herritarrek bere ekarpenak egiteko aukera izango du”.
