Azken loreak Ramon Diazi, bere erailketaren 25. urteurrenean
2001eko urtarrilaren 26an hil zuen ETAk Ramon Diaz, Donostiako Itsas Komandantziako sukaldari loiolatarra. Auzoan omendu zuten pasa den astelehenean, gertakariaren 25. urteurrenean.
Ramon Diazen familia, lore eskaintzan. Nagore Garmendia Astelehenean bete ziren 25 urte ETAk Ramon Diaz Garcia loiolatarra hil zuenetik. Mende laurdena igaro da ordutik, eta denbora horretan guztian, urtero-urtero, Loiolatarra Kirol Elkarteko kideek, senideek eta lagunek omenaldia egin diote urtarrilaren 26 guztietan, atentatua gertatu zen leku berean. Ordu berean. Argi berarekin, irribarre eta malko berekin. Aurtengoa, ordea, berezia izan da: instituzioek babestutako azken omenaldia izan da, elkarteak adierazi bezala, «amaiera borobila» emateko asmoz.
Goizeko zortzietan elkartu ziren dozenaka lagun, hotzari eta isiltasunari aurre eginez. Urteroko erritualari eutsi zioten: elkartetik atentatuaren lekuraino bere argazki erraldoi bat eraman, familia atzetik datorrela. Lore eskaintza zabala egin, eta, berritasun gisa, paretan proiektatutako argazkiz jositako bideo batek Diazengandik geratzen den irudi kolektiboa ekarri zuen gogora. Une hunkigarri horien ondoren, Loiolatarra elkartearen egoitzara jo zuten gosaltzera, antolatzaileen esanetan, «oroimen partekaturako gune» bihurtu den espaziora.
Ekitaldiko hitz nagusia Asier Zubimendi Loiolatarra Kirol Elkarteko presidenteak hartu zuen. Elkartearen izenean, azken 25 urteotan omenaldira «leialki» gerturatu diren guztiei eskerrak eman zizkien: «Omenaldi instituzionalei amaiera eman diegu, memoriatik, duintasunetik eta esker onetik». Azaldu zuenez, Diaz bizilagun gertukoa izan zen askorentzat, eta horregatik, hemendik aurrera ere gogoratzen jarraituko dute, baina «modu intimoago batean». Gertutik, senidetasunetik, laguntasunetik.
Puntu eta jarrai bat
Patxi Lago eta Estitxu Artano elkarteko kide eta Diazen lagun minak izan dira egunotan hedabideen aurrean hitza hartu dutenetako bi. Lagok argi azaldu du urtero bertan egotearen zergatia: «25 urte daramatzagu hura gogoratzen, merezi zuelako». Auzoan eta elkartean oso ezaguna zen sukaldaria, auzoko esku pilota elkartean ibiltzen zen, gaztetxoenekin gora eta behera, kaldereroetan, danborradan… «saltsa guztietan» zebilela esan dute, irribarrez, Lagok eta Artanok. «Berarekin denbora asko pasatzen genuen, eta solidaritate espiritua zer zen erakutsi zigun», adierazi du.
Artanok, berriz, lotura are estuagoa azpimarratu du: «Diaz familia zen niretzat». Urte hauetan guztietan lagunen eta senideen arteko harremana «tandem» modura bizi izan dutela azaldu du: «Hor egon gara, eta hor jarraituko dugu, guretzat hau ez delako hemen amaitzen».
Auzoa astindu zuen eguna
2001eko urtarrilaren 26an gertatutakoak ez zuen elkartea soilik astindu; Loiola auzo osoa markatu zuela gogorarazi dute. Egun hartan, ohiko jardunari jarraituz, Diaz bere etxetik atera zen lanera joateko, eta aurretik Etxarri tabernan gosaldu zuen. Minutu batzuk geroago, goizeko zortzietan, bere ibilgailuan sartu, kontaktua piztu eta atzera-martxa jarri zuen. Une horretan, autoak eztanda egin zuen, erabat suntsituta geratuz, eta eztanda bortitzaren ondorioz, ibilgailuaren gainetik kanpora irten zen Diaz. Leherketa horrek lau pertsona zauritu zituen, guztiak zauri arinekin, eta kalte material handiak eragin zituen inguruko zenbait eraikinetan eta aparkatutako ibilgailuetan.
Hiria ere, burumakur
Auzoa markatzeaz gain, hiri osoa ere markatu zuen. Donostiako alkate Jon Insaustik ere parte hartu zuen omenaldian, eta «isiltasunak eragiten duen minaz» jardun zuen. Azaldu zuen azken 25 urteotan Diaz gogoratzeaz gain, beste aldarri bat ere izan dela presente omenaldian: «Batez ere, bakean bizi nahi izan duen hiri bat aldarrikatu dugu». Alkatearen esanetan, astelehenekoa ziklo baten itxiera izan zen. «Baina horrek ez du esan nahi ahaztuko dugunik, ez Diaz, ezta beste biktima guztiak ere».
Instituzioek antolatutako omenaldiei amaiera eman arren, astelehenekoak argi utzi zuen memoria ez dela eten. Formak aldatuko dira, baina Ramon Diazen izena eta haren oroimenak Loiolan bizirik jarraituko dute, orain arte egin duten bezalaxe.



