Bertako bizitzaren eta bisitarien arteko «oreka jasangarri bat» lortzeko turismo eredu berria aurkeztu du udalak
Goizean Aquariumen egindako prentsaurrekoko argazki bat.Donostiako Udala Hiriko egunerokoari zuzenean eragiten dion fenomeno bihurtu da turismoa, zenbait esparrutan modu agerikoan. Testuinguru horretan, Donostiako Udalak bere lan ildoa sendotzen duen Gurera eredua aurkeztu du. Izenak izana laburbiltzen du. Batetik, “gure erara”, Donostiaren eta donostiarren neurrira egin den turismoa kudeatzeko eredua baita; bestetik, “ongi etorri, gurera” ere bada, hau da, hiria bisitatzen duten guztiei bertako bizitzan integratzeko gonbidapena, betiere, “errespetutik eta bizikidetzatik”.
Ereduak herritarren ongizatea kokatzen du erdigunean, eta turismoaren kudeaketa baliatzen du eguneroko bizitza babesteko, “bizikidetza indartuz eta Donostia paregabe eta berezia egiten duen hori zainduz”. Neurri zehatzak planteatzen ditu, besteak beste, etxebizitza turistikoen kopurua murriztea, hotel lizentzia berriak mugatzea, bisita gidatuetako taldeen tamaina mugatzea eta zerga turistikoa ezartzea, azken horren ditu sarrerak herritarren mesederako bideratzeko
Xedea, “turismoa hiriaren eta bertan bizi direnen ongizatearen mesederako eraldatzea da, turismoari uko egin gabe”. Sustapena erdigunean jartzen zuen eredua atzean utzi eta kudeaketa integralerantz doa, bertako bizitzaren eta bisitarien artean “oreka jasangarri bat” lortzeko. Hiriko estrategia orokorrean txertatzen du turismoa, “gobernantza partekatuaren bidez, zeharkako moduan hartzen diren erabakien bidez eta tartean diren eragile guztiak integratzeko borondatearen bidez”.
Horretarako ardatz izango ditu herritarren entzute aktiboa, sektorearekiko lankidetza eta udal departamentuan arteko lana. Kudeaketa aldian behin argitaratuko diren datuetan, adierazleetan eta emaitza neurgarrietan oinarrituko da, bi konpromisorekin: gardentasunez jokatzekoa eta ezartzen diren neurriak eta haien inpaktua herritarrei jakinaraztekoa. Entzute aktiborako guneak zabaldu eta benetako inplikazioa sustatuko du, bai herritarrena bai turismo sektorearena bai bisitariena ere. Hala, turismoaren orainari eta etorkizunari buruzko eztabaida partekatua irekiz.
Udalak eta Donostia Turismoak Gurera konpromisoa sinatzera animatzen dituzte herritarrak eta sektorea, egitasmoaren webgunean dago.
