Derbia irabazi, bolada ona berresteko
Etxetik kanpo jokatuko dute Realeko neskek eta mutilek eta Ibaeta Basketek. Etxean arituko dira, aldiz, Gipuzkoa Basket, Bera Bera eta Txuri Urdin.
Realaren eta Athleticen arteko pasa den sasoiko partida bateko irudia.Reala Derbi asteburua dute aurretik Realeko mutilek: San Mamesen jokatuko dute etzi, Athleticen aurka. Bolada oso on batean murgilduta dago Matarazzoren taldea eta ez hain onean Valverderena, baina derbiak beti dira derbi, eta zaila da balantzak zeinen aldera egingo duen aurreikustea. Irabaziz gero, Europako postuetan presio handiagoa sartuko lukete txuri-urdinek, baina zuri-gorriek ere sailkapenean gora egin nahi dute eta, beraz, partida bizia espero da San Mamesen.
Futbolarekin jarraituz, Realeko neskek ere etxetik kanpo jokatuko dute igandean, Teneriferen etxean. Kanariarrak eta donostiarrak aurkari zuzenak dira, ligako hirugarren sailkatua baita Reala eta laugarrena Tenerife. Horrela, garrantzitsua izango da igandeko neurketan emaitza on bat lortzea.
Saskibaloian, larunbatean jokatuko du Ibaeta Basketek eta igandean Gipuzkoa Basketek, biek Estudiantesen aurka. Ibaeta Basketeko nesken kasuan, etxetik kanpo arituko dira, baina Estudiantes baino denboraldi hobea egiten ari da, eta neurketa aproposa izango da sailkapenean gora egiteko garaipen bat eskuratzeko. Gipuzkoa Basketeko mutilen kasuan, aldiz, etxean jokatuko dute, baina ligako talde onenetako bat da Estudiantes eta, beraz, dena eman beharko dute garaipena etxean gelditzeko.
Eskubaloian, goi mailako partida du aurretik Bera Berak larunbatean. Hain zuzen ere, Atletico Guardes ligako hirugarren sailkatua hartuko dute etxean, eta Bera Berak bere lidergoa berresteko aukera izango du, bisitariak mendean hartuz.
Azkenik, izotz hockeyan Txuri Urdineko neskak asteburu honetan Jacaren aurka jokatzekoak ziren partidak atzeratu egin dituzte. Mutilek, aldiz, etxean jokatuko dute larunbatean, Puigcerdaren kontra. Donostiarrak ligako hirugarrenak dira, baina ez da neurketa erraza izango, Puigcerda baita liderra.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia
- Athletic — Reala (igandea, otsailak 1, 21:00)
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Tenerife — Reala (igandea, otsailak 1, 13:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 19. jardunaldia
- Estudiantes — Ibaeta Basket (larunbata, hilak 31, 19:30)
Gizonezkoen bigarren maila, 18. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket — Estudiantes (igandea, otsailak 1, 18:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 17. jardunaldia
- Bera Bera — Atletico Guardes (larunbata, hilak 31, 18:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen liga, 17. jardunaldia
- Txuri Urdin — Puigcerda (larunbata, hilak 31, 21:00)
