Izan ala ez izan
Filma: Hamnet.
Zuzendaria: Chloe Zhao.
Urtea: 2025.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Maggie O ‘Farrellen eleberri homonimoa oinarri, Chloe Zhaok ondutako egokitzapen esperotakoa zinema aretoetara heldu da jada. Ez dira urte asko igaro egile britainiarrak mundu mailako dramaturgiaren gailurretako bati egindako esplorazioa den Hamnet (2020) liburuarekin astindu gintuenetik. Bertan, William Shakespeareren lan ezagun horren sortze prozesua kontatzeaz gain, Agnes haren emaztearen historia kontatzen du, Hamnet semearen galera gainditzeko borrokan. 11 urte zituela hil zen haurra, familiak bizileku zuen Stratforden, eta lau urte geroago aitak Hamlet izeneko antzezlana idatzi zuen. Bi izenak, Hamnet eta Hamlet, trukagarriak omen ziren garai hartako parrokia erregistroetan.
Baliteke Avongo Bardoak galera izugarri hura bere lanik onena bilakatu izana? Bada, hipotesi horretatik tiraka ondu zuen bere eleberria O ‘Farrelek, eta idatzitako lerro horiek gidoi bilakatu ditu orain, zuzendari lanetan aritu den Chloe Zhaorekin batera, lau eskutara. Genero ikuspegi intimista, liriko eta ederretik, molde tradizionalak apurtzen dituen lasaitasunetik, sorkuntza artistikoa bere oinazeari aurre egiteko eta bere emazte Agnesi berea arintzen laguntzeko bidea izan zela iradokitzen du istorioak.
Hala, Hamnet ez da idazle baten ahalmenaren inguruko istorioa, harremanei, isiltasunei, afektuei buruzkoa baizik: maitasuna eta dolua, norabide guztitara. Literatura eta barru-barrukoak bat eginda –ez kontraesan gisa, baizik eta bereizi ezinak diren bi elementuren gisara– zinemak azkenaldian eman duen korapilo ikaragarri, bete, basati, goxo, katartiko eta neurrigabeenean.
Zalantzarik ez, jaso(ko) dituen sari ugariak —SEMINCI, TIFF, Urrezko Globoak, Oscar sariak— alde batera utzita, mugarri izango da bere zuzendariaren ibilbidean. Eta baita heriotzak apurturiko maitasun baten geografia suntsitua osatzen duten min handi eta txiki horiek guztiak bere egitea onartzen duen edozein ikusleren esperientzian ere. Aurrerantzean, inoiz idatzi den obrarik ospetsuenetariko bat den horren izateari edo ez izateari buruzko dilema errepikatua ez da tronutik kendutako errege baten zoriaz ariko, baizik eta hurbilagoa eta ezagunagoa zaigun bizitzaren –eta haren bihurguneen– onarpenaz.


