Txaparreneko komun publiko berria martxan jarri dute
Txaparrene pasealekuko komun publiko berria.Donostiako Udala Atzerapen ugariren ondoren, Donostiako Udalak martxan jarri berri du Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko komun publikoa. 16.346 euroko inbertsioa egin du udalak esku hartzen horretan, eta Carlos Garcia Udal Mantentze eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu du ekipamendu horrek “herritarren eskaerari erantzuten” diola, baita “zerbitzu publikoen sarea indartzen” duela ere.
Komun zaharra sute baten ondorioz funtzionamendurik gabe gelditu eta zortzi bat hilabetera ireki dute berria. Hain zuzen ere, IZBE auzo elkarteak iazko urrian salatu zuen “bost hilabete” zeramatzala komunak hondatuta eta itxita. Udaleko iturriek orduan azaldu zuten “gutxi gorabehera” hilabeteko epean jarriko zutela martxan komun berria; hiru hilabete pasatu dira ordutik.
“Komun publiko autogarbigarri bat jarri dugu, erabat irisgarria, jende asko biltzen den espazio batean kalitatezko zerbitzu seguru eta jasangarri bat eskaintzeko”, gaineratu du zinegotziak.
