Groseko inude eta artzainek jai giroan ospatu dute 25. urteurrena
Artainu konpainiako inude eta artzainak jai giro ederrean ibili dira Grosen.Beñat Parra Sansebastianak pasatuta, gainontzeko neguko jaien ordua da Donostian, eta, hain zuzen ere, gaur (otsailak 1) atera dira kalera inude eta artzain goiztiarrenak: Ikasbidekoak Loiolako Erriberan eta Artainu konpainiakoak Grosen. Aurten, gainera, 25 urte bete ditu Artainuk, eta, beraz, modu berezian ospatu dute jaia.
11:30ean abiatu dira Groseko kaleetan barrena dantzan eta kalejiran, jai giro ederrean. 12:30ak aldera heldu dira Katalunia plazara, eta bertan egin dute ekitaldi nagusia, ohiko parodiarekin eta dantza ederrekin. 25. urteurrena ospatzen ari direnez, Donostiako eta inguruko beste inude eta artzainen konpainia batzuetako kideak gonbidatu dituzte Artainukoek eurekin dantzatzera, eta hala egin dute, besteak beste, Kresala elkarteko kide batzuek; hurrengo astean aterako dira kalera beraiek.
Ekitaldiaren hasieran, urteroko legez, Aitona oroigarria eman dute; aurten, Zurriola ikastolari egin diote aitortza, “euskal folklorearekin eta kulturarekin duen konpromisoagatik”. Horrez gain, 25. urteurreneko ezusteko gisara, Artainun hasiera-hasieratik egon diren kideak omendu dituzte, bereziki, Kontxi Petisco. Konpainiaren inguruan betidanik egon da Petisco, bere senarra zenarekin batera, Eduardo Gazpiorekin. Petiscok nabarmen hunkituta eta pozik jaso du aitortza, jaian parte hartzen ari ziren bere bilobez eta birbilobez inguratuta.
Ordubete inguruko ekitaldia eginda, auzoko kaleetan barrena kalejiran jarraitu dute inude, artzain, danbor jotzaile eta gainerako pertsonaiak guztiek, bazkalordura arte. Jarraian, irudi bilduma ikus dezakezue:


