La Anunciata ikastetxea ikasturte amaieran itxiko dute
Altzako La Anunciata ikastetxea, artxiboko irudi batean.Eusko Jaurlaritza Altzako La Anunciata ikastetxeak behin betiko itxiko ditu ateak 2025-2026ko ikasturtearen amaieran, ikasle falta dela eta. Kristau eskola da La Anunciata, Francisco Coll hezkuntza fundazioaren patronatukoa, eta itxiera iragarri berri du erakunde horrek. 370 ikaslek ikasten dute ikastetxe horretan, D ereduan, eta 28 hezitzailek egiten dute lan bertan.
87 urteko ibilbidea egin ostean, azaldu dutenez, jaiotze tasa gero eta gehiago jaistea, Batxilergoa kendu izana, gero eta itundutako ikasgela gutxiago edukitzea eta eraikinetan beharrezkoak diren inbertsioak dira ixteko erabakia hartzeko arrazoiak. Horrela, ikasleei beste hezkuntza zentro batzuetan matrikulatzen lagunduko die Kristau Eskolak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntzarekin.
Jaiotza tasaren txikitzea eta, ondorioz, ikasle kopurua murriztea eragina izaten ari da hezkuntza sistema osoan. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak iragarri berri du bateratzeak egingo dituela hamabi ikastetxe publikotan.


