Wesley Gassova txuri-urdina dagoeneko
Wesley Gassovak utzita jokatuko du Realean.Reala Take Kuboren lesioak utzitako hutsunea betetzeko mugimendua egin du Realak, Al-Nassr taldearekin akordioa itxi baitu Wesley Gassova Ribeiro erasoko hegaleko jokalariak talde txuri-urdinean jokatu dezan, klubak baieztatu duenez. Brasildarrak 2025-2026ko denboraldiaren amaierara arte jokatuko du Realean, utzita, eta klub donostiarrak jokalaria erosteko aukera gorde du.
Gassovak (Sao Paulo, Brasil, 2005) Corinthians klubeko harrobian hasi zuen bere ibilbidea. 2023an, 18 urte zituela, lehen taldera igo zen eta 84 partida jokatu zituen bi denboraldi pasatxotan, Al-Nassr taldera iritsi aurretik; Brasilgo azpiko selekzioetan aritutakoa da, baita ere. Realak azaldu duenez, Wesley hegaleko aurrelari “indartsu eta trebea da, bi hegaletatik jokatzeko gai dena”. “Oso pozik nago hona iristeagatik, dena emango dut taldearen helburuak lortzeko. Bi hegaletan nire gaitasuna taldearen zerbitzura ipiniko dut”, nabarmendu du jokalariak.
Marin, 2029ra arte
Gassovaren iritsieraren berri emateaz gain, Pablo Marin erdilariaren kontratuaren berritzearen berri ere eman du Realak. Hain zuzen ere, 2028-2029ko denboraldiaren amaierara arte berritu dute kontratua, eta lehen taldeko dortsala edukiko du Marinek aurrerantzean, 15 zenbakiarekin. “Reala nire bizitzako kluba da, non jokalari eta pertsona bezala hezi naizen, amets bat da hemen gozatzen jarraitu ahal izatea”, adierazi du errioxarrak.



