Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek
LABen elkarretaratzea, Gipuzkoa plazan.LAB Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Gipuzkoako hiriburuan bi elkarretaratze egin dituzte; bata Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, eta Gipuzkoa plazan.
“Epaitegiak azken lau urteetan bultzatzen ari diren oldarraldi euskarafoboak, euskararen normalizazioa oztopatu du, eta atzera urratsak eragin ditu. Horrela, hitzez euskararen alde daudela dioten sindikatuek, CCOOk eta UGTk, lanpostuak euskararen eskakizunekin betetzeko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan, enplegu publikoko hizkuntza eskakizunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz”, deitoratu du sindikatuak.
Aipaturiko bi sindikatu horiek epaile euskarafoboei “bazka ematen” dietela salatu dute, “PP-VOX et PSE alderdiekin batera, euskara bere garairik ilunenetara itzultzea bilatzen dute”. Euskara “frankismo garaira eraman” nahi dutela gaineratu dute, “urratsez urrats eremu publikotik ateraz”.
Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko “dikotomia faltsua” elikatzen ari direla kritikatu du LABek: “Bidea, ordea, euskara gehiago bultzatzea da; euskarak kohesio sozialerako zubia izan behar du; euskara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkie langile guztiei, azpikontratatuak barne, eta ez alderantziz”.
Horren aurrean, LABek euskararentzat gaztelaniak administrazio publikoan dituen “eskubide berberak” nahi dituela aldarrikatu, eta hau da proposatu dutena:
- Euskararen kontrako epaiak salatzea.
- Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
- Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz eta lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
- Erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza izateko duten eskubidea bermatzea.
- Pribatizatutako itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei
- euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
- Lege aldaketaren bidez administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
- Lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea.
- Lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan.


