Herrerako hirigintza proiektua bere horretan egitea «baztertzeko» zortzi arrazoi mahaigaineratu ditu Gure Bideak
Herrerako Zardoya eremua.Joseba Parron San Sebastian Altzako eragile eta auzotar ugarik 40 alegaziotik gora aurkeztu berri dizkiote Jolastokieta AL05 etxebizitza proiektuari, hainbat arrazoirengatik, auzoaren beharrei erantzuten ez diela iritzita. Horietako bat da Gure Bidea elkarte altzatarrak aurkeztutakoa, proiektua bere horretan egitea “baztertzeko” eskatzen duena, baita eskatu ere “neurriak proposatzeko eragin kaltegarriak zuzentzeko”. Gure Bideak alegazioa helarazi dio IRUTXULOKO HITZAri, eta zortzi argudio mahaigaineratu ditu aipaturiko eskaerak egiteko. Gogoratu behar da 400 etxebizitza inguru daudela aurreikusita iragan industrialeko eremu degradatu horretan, baita legez dagozkion espazio libreen zati handi bat Erregeneara (Igeldo) eramango dituztela ere; pasa den iraileko udalbatzarrean eman zioten hasierako onarpena.
Lehenengo arrazoi gisa, “lehendik aski asea dagoen auzunea areago metatzeko eta itotzeko arriskua” dagoela dio Gure Bideak: “Altza da eraikuntza eta bizigarritasun indize okerrenak dituen auzoa. Etxebizitza dentsitate altuak ditu Arriagan, Altza Gainan eta Larratxon. Hiri Iraunkortasunaren Adierazleen arabera, Eraikuntza Dentsitatearen parametro gomendagarriak hektareako 60 eta 90 etxebizitza artekoak dira, baina Zardoyako eremuak dagoeneko badu 97 e/h-ko dentsitatea. Hori jakinik ere, egitasmo berriak 125 e/h-ko dentsitatea izango du, gomendatutakoa baino 1,4 aldiz handiagoa”. Gainera, bigarren arrazoi gisa, elkarteak salatu du ez dela “nahikoa alderaketarik egin aukeratu den proposamena hobesteko”: “Aukeratutakoa deskribatzeko hamalau orrialde erabili diren arren, beste bi alternatibak ez dira deskribatu, eta horiek baztertzeko bosna esaldi besterik ez dira idatzi”.
“Aukeratu den alternatibak ez du auzoa josten”, gaineratu dute: “Jolastokieta Goia eta Behea (Zardoya) eremuen artean dagoen harrobiko lubaki handiari eutsiko zaio. Horrela, auzoak ez du kohesiorik lortuko, bi eremuen artean funtzionalitaterik izango ez duen hamalau metroko amildegiak jarraituko du eta. Hirigintza kontraste handia sortuko da, garapen berria uharte bat bailitzan”. Ildo beretik doa elkarteak arrazoitutako argudioetako bat: “Eremuan sortuko den plaza berria mugatua eta txikia izango da, eta errepidez inguratua egongo da”. Horrekin batera, proiektuak aurreikusten dituen espazio libre urrien erabilgarritasuna zalantzan jarri dute ere.
Irisgarritasuna ere izan du hizpide Gure Bideak: “Hiri Kalteberatasunaren Inbentarioaren arabera, Altza da okerren dagoen Gipuzkoako eremua, eta kalteberatasun oso handia duen bakarra, baina egitasmoak ez du aipatu. Zardoyaren ingurua oso konplexua da, eta auzotarrek erabiltzen dituzten azpiegiturek eta bide sareek irisgarritasun gabezia handiak dituzte”. Horrela, salatu dutenez, “egitasmoak ez du irtenbide eraginkorrik eskaini, ez bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko, ezta 31 metroko ezponda gainditzeko ere, arrapalarik gabeko igogailu eta eskailera bidezko sistema bat besterik ez baitu proposatu, igogailuak sarritan matxuratzen direla jakin arren”.
Espazio libreak
Aipatu moduan, udalak Erregeneara (Igeldo) eramango du Jolastokietari legez dagozkion espazio libreetako zati handi bat, eta horren ingurukoak dira Gure Bidearen beste bi arrazoi: “Espazio libreetarako kalifikatu diren 7.170 metro koadro lurzoruetatik %22 besterik ez da eremuan bertan beteko. Gainerako %68a (5.600 metro koadro) eremutik kanpo beteko da, Altzatik zazpi kilometrora, Igeldoko Erregenea mendi hegalean. Lursail horiek ez dira altzatarrontzat erabilgarriak izango, oinez ordubete behar baita hara iristeko”. Horrela, “badago espazio libreen azalera osoa eremuan bertan kokatzerik”, argudiatu dute: “Hirigintza Sailak badu beste alternatiba bat, 2019koa, espazio libreetarako azalera osoa eremuan bertan bermatzen duena, hamar metro koadro espazio libre lortuta bizilagun bakoitzeko, kalitatezko hiri espazio bat. Hala ere, ez du publiko egin”.
Azkenik, “eraikin berriak garaiegiak” izango direla ekarri dute hizpidera: “Horien itzala Ermitako aldapako etxeetara zabalduko da, eta ikusmira, argitasuna eta beroa galtzea eragingo die, baita eguzkitako energia elektrikoa sortzeko aukera apaltzea ere”. “Proiektua horrela eginez gero, zaildu egingo zaie aldapako etxeei energia eraginkortasuna eta aurrezpena lortzea: argi artifiziala gehiagotan piztu beharko dute, handitu egingo zaie berokuntza gastua, eta dirutza handiagoak erabili beharko dituzte kaltetutako energia eraginkortasuna onbideratzeko. Aintzat hartzekoa da altzatarrek zaurgarritasun sozioekonomiko handia pairatzen dutela”, gaineratu dute.


