Ekintza ikastolako 'Ekopay' eta Easo Politeknikoaren 'Jellybot' saritu dituzte Donostia Innovation Challengen
Sari nagusiak jaso dituzten taldeetako kideak. Donostia Sustapena Donostia Innovation Challenge lehiaketako finala jokatu dute astearte goizean Kursaalen. Sei talde finalistek bederatzi erakunde laguntzaileren ikuskaritzapean garatu dituzten proiektuen berri eman dute saria eskuratzeko. Azalpenak entzun ondoren, Biogipuzkoa, Connect Group, Vicomtech, Ceit eta Donostia Sustapeneko ordezkariek osatutako epaimahaiak erabaki du Ekintza ikastolaren Ekopay proiektuari ematea DBH-Batxillergoa kategoriako saria, eta Easo Politeknikoaren Jellybot egitasmoari, Lanbide Heziketa kategoriakoa.
Ekopayren helburua birziklatutako materialak erregistratu eta garraio publikoan erabil daitekeen diru bihurtzen du. Jellybotek, berriz, robot autonomo eta ekologiko bat proposatzen du, marmokak kaltetu gabe biltzeko eta itsaso zabalera itzultzeko.
Donostia Sustapenak antolatutako egitasmoan, partaideek hiria hobetzeko proiektu berritzaileak garatu behar dituzte 3D inprimaketa, robotika aurreratua, errealitate mistoa, adimen artifiziala edota gauzen Interneta (IoT) baliatuz. Hiriko bederatzi ikastetxek parte hartu dute aurten –St. Patrick’s, Altza BHI, Axular Lizeoa, Ekintza ikastola, Nazaret Fundazioa, Easo Politeknikoa, Cebanc, Ceinpro eta Zubiri-Manteo– bi kategoriatan banatuta: Bigarren hezkuntza-Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Helburua talentua, talde lana eta berrikuntzari lotutako gaitasuna lantzea da.
Irailetik abendura, 3.300 bat ikasle aritu dira taldeka proiektuak garatzen. Aurkeztutako 62 lanetatik kategoria bakoitzeko hiru finalistak aukeratu zituzten: Bigarren hezkuntza-Batxilergo kategorian, San Patrick’s, Altza BHI eta Ekintza, eta Lanbide Heziketa kategorian, Cebanc, Ceinpro eta Easo Politeknikoa.
Sari nagusiez gain, honako aitortzak ere egin dituzte:
- Proiektu diseinu onenaren saria: Oski (Nazaret Fundazioa).
- Gizartean eragin handiena duen proiektuaren saria: Jmal (Axular).
- Proiektu berritzaileenaren saria: Okulens (Ceinpro).
- Bideragarritasuna eta kudeaketa ekonomikoa: Enigma (Easo Politeknikoa).
- Jarrerazko balioen aintzatespena: Donostia IA (St. Patrick’s).


