Euskararen aurkako azken epaia salatzeko mobilizatuko dira
Donostiako justizia jauregia.Beñat Parra Euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialean kokatzen den beste epai bat atera zuen joan den astean EAEko Auzitegi Nagusiak, Donostiako Udaleko bi teknikari postutarako euskara eskakizuna atzera botaz. Besteak beste, auzitegiak ebatzi zuen gaztelaniaz gain euskararen ezagutza ere eskatzea “gehiegizkoa” dela. Hori salatzeko, elkarretaratzera deitu dute gaurko (hilak 3) Euskalgintzaren Kontseiluak eta Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak: 19:00etan, Donostiako epaitegien aurrean.
Kontseiluak eta Bagerak, “onartezintzat” jo dute epaia: “Administrazioan euskararen normalizazioa oztopatzea helburu argia du, eta, ondorioz, Donostiako herritar eta udal langileen eskubideen urraketak betikotuko ditu”. Bagerak, bestalde, epaiaren aurkako helegitea jartzeko eskatu dio Donostiako Udalari.
Asko dira azken urteotan epaitegietatik euskaldunen hizkuntz eskubideen aurka ateratako epaiak, eta euskalgintzako eragile ugari salatzen ari direnez, hamarkadetan luzatu diren euskararen normalizazioan sakontzeko urratsak gelditzen ari dira epai horiek, baita euskarari eraso egiten ere. Auziari buruzko erreportaje sakona ondu zuen IRUTXULOKO HITZAk iazko azaroan.


