Jon Enparantza eta Arantza Zulueta espetxeratzeko agindu du Auzitegi Nazionalak
Zulueta eta Enparantza, artxiboko irudi batean. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Laugarren Sekzioak agindu du Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak espetxeratzeko agindu du, 13/13 auziaren epaiketan ezarri zizkieten zigorretatik geratzen zaiena betetzeko, Efe albiste agentziak argitaratutako informazioaren arabera. Zulueta bilbotarrak zazpi urte eta erdiko zigorra jaso zuen, “erakunde terroristako kide” izatea eta lehergaiak edukitzea egotzita. Enparantza donostiarrak, aldiz, lau urteko zigorra zuen, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta.
Zigorrak 2022an ezarri zizkieten, eta Espainiako Auzitegi Gorenak aurtengo urtarrilean berretsi ditu. Auzian zehar, agerian gelditu ziren CNIren esku hartzeak eta tortura salaketak, baina, hala ere, zigorrak berretsi ditu, aipatu moduan, Auzitegi Nazionalak.
Urtarrilaren 28koa da espetxeratze agindua ezartzen duen autoa, eta jakinarazpena jaso ostean, hamar egun naturaleko epea ematen die abokatuei agindua betetzeko. Era berean, autoak dioenez, agindua betetzen ez badute, bilatzeko eta harrapatzeko agindua ezarriko du auzitegiak. Bi abokatuen defentsak errekurtsoa aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, baina horrek ez du kartzelara sartzeko agindua geldiarazten.
13/13 auzia
Naia Zuriarrain eta Iker Sarriegi abokatuak ere zigortu zituzten 2022an, baina euren zigorrak arindu egin zituen aurtengo urtarrilean Auzitegi Gorenak, helegiteen zati bat aintzat hartuta. Horrela, Zuriarrainena hiru urte eta erditik bi urtera murriztu zuten eta Sarriegirena hiru urte eta egun batetik urte eta erdira. Euren erantzukizuna “hain larria” ez zela iritzita arindu zizkieten zigorrak, izan ere, epaiaren arabera, “kudeaketa eta mendeko erantzukizuna zuten, edo komunikaziokoa, ikertutako egituran, indarkeriazko jarduerekiko lotura faktikorik egiaztatu gabe”.
Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo abokatuak ere epaitu zituzten 13/13 auzian, baina absolbituak izan ziren. Zazpi horietatik, hiru donostiarrak dira: zigorrak jaso dituzten Enparantza eta Sarriegi eta absolbitu zuten Redondo. Epaiketa hasi zenean, 2021eko uztailean, Juan Mari Jauregi donostiarra ere bazegoen auzipetuen artean, baina urte hartako irailean zendu zen.


