Venezuelaren alde mobilizatzeko deia egin dute beste behin ere
Euskal Herriko hainbat eragile internazionalistek deituta, elkarretaratzea egin zuten larunbat arratsaldean Bulebarrean, Venezuelaren alde eta AEBen inperialismoaren aurka.Jardun Hilabete bete da gaur, otsailak 3, AEBek Nicolas Maduro venezuelako presidentea eta Cilia Flores diputatu eta abokatua indarrez atxilotu eta Venezuelako agintea kolokan jarri zituztenetik. Mundu osoan Maduro eta Floresen berehalako askatasuna eta prozesu bolibartarraren aldeko manifestazioak egingo dituzte, eta Donostian ere deitu dute mobilizatzera, hilaren 6an, Bring them back (bueltan nahi ditugu) lelopean, 18:30ean, Bulebarretik abiatuta.
Euskal Herrian hainbat eragile internazionalistek bat egin dute deialdiarekin eta irakurketa bateratua egin dute. Salatu dutenez, Venezuelaren aurkako oraingo erasoa ez da berria, “baizik eta prozesu venezuelarraren kontrako oldar historikoaren beste pauso bat”.
Gaur egun ordea, AEBek “ez dute ezta demokrazia eta askatasunaren defentsa aitzakia gisa erabili behar ere, beste momentu eta leku batzuetan egin duten moduan”. Venezuelako gobernuaren kontrako “narkoterrorismoaren aitzakia egun gutxitan desagertu da inperialismoaren interesen aurkezpen argiaren aurrean: Venezuelako baliabideen kontrola eta prozesu askatzailea menperatzea”.
Eragile internazionalistek ziurtatu dute Venezuelako herri langileak tinko egingo diola aurre eraso inperialistei, “bere subiranotasuna, bere proiektu eraldatzailea eta bere duintasuna” defendatzeko. Zentzu horretan, “antolaketa, diziplina, eta herriaren batasuna, ezinbestekoak dira burujabetza eta eredu eraldatzailearen defentsari eusteko”.
Euskal Herritik “elkartasun osoa” adierazi nahi diote “bere etorkizunaren jabe izan nahi duen eta eredu komunal eta sozialista eraiki nahi duen Venezuelako herriari”. Ondorengoak dira Venezuelaren alde mobilizatuko diren kolektiboak: Askapena, Bachué, BRICS-PSUV Euskal Herria, Jardun Koordinadora, Komite Internazionalistak, Koadro Eskola, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Tinkuy, Zabaldi.


