Donostiaren izena jarri diote Polinesia Frantsesean aurkitu duten molusku espezie bati
Donostiaren izena jaso duen moluskua: 'Cheilea donostiae'.Aquarium MER Masterreko koordinatzaile ohi eta Liejako Unibertsitateko irakasle emeritu Mathieu Poulice irakasleak ezaguna ez zen molusku espezie bat aurkitu du Polinesia Frantsesean, eta Donostiaren izena jarri dio, Aquariumaren omenez. Hala jakinarazi du Aquariumak berak: “Aquariumak MER Partzuergoarekin azken hogei urteotan izan duen lankidetza ospatzeko, garrantzi zientifiko eta sinboliko handiko ekitaldia egin dute. Bi hamarkada hauetan egindako ekarpena aitortzeko asmoz, molusku espezie berri baten paratipoa oparitu dio Donostiako Aquariumari”.

Polinesia Frantsesean aurkitu duten molusku espeziearen izena iragartzeko ekitaldiko irudia.Aquarium
Zehazki, Cheilea donostiae izen zientifikoa jarri diote moluskuari. Aquariumari paratipoa emateko ekitaldi berean, Jose Ignacio Espel Aquariumeko lehendakariak eta Esther Irigaray zuzendariak Poulicekek Ozeano Barean aurkitutako beste bi molusku espezieen paratipoak ere jaso dituzte: “Espezie horiek PiE-EHUko irakasleen izenekin bataiatu zituen ikertzaileak, eta EHU izanik masterraren koordinatzailea, paratipoen entrega Jon Umerez EHUko Ikerketako errektoreordeak egin du”, azaldu du Aquariumak.
Horrela, hiru paratipoak Donostiako Aquariumaren bilduma naturalistan sartuko dira, “erakundearen balio zientifikoa indartuz eta itsas biodibertsitatearen ikerketarekin, dibulgazioarekin eta kontserbazioarekin duen konpromisoa berretsiz”, nabarmendu dutenez.



