Hiri hezitzailera bidean, Zure Hiria Zaintzen programa jarri dute berriro ere martxan
Zure Hiria Zaintzen jarri du martxan berriz ere udalak. Programaren helburua da haurrei "hiria gerturatzea", eta "herritar kritiko eta erantzunkide gisa duten parte hartze aktiboa indartzea" .
Donostiako Udalak Zure Hiria Zaintzen programa jarri du abian beste urte batez. Donostiak “hiri hezitzaile gisa duen konpromisoa” indartzea da ekimen honen helburua.
Hezkuntzako eta Gazteriako zinegotzi Iñigo Garciak programaren balio pedagogiko eta soziala nabarmendu ditu: “Zure Hiria Zaintzen ekimenarekin, Donostiako haurrek betetzen duten funtsezko eginkizunaren balioa azpimarratu nahi dugu. Haiek dira, euren begirada garbi, bitxi eta kritikoarekin, hiria ikuspegi berrien arabera ulertzen laguntzen digutenak eta Donostiako etorkizuna ere haien eskuetatik igarotzen dela gogorarazten digutenak”.
Zure Hiria Zaintzen programa helburu horiekin guztiz bat dator. Horregatik, ikastetxeei gonbita luzatu zaie proposamen bat osatzen parte har dezaten, hain zuzen ere ikasleak hiriko hainbat alderditara gerturatzeko: hiriaren historiara, kulturara, hiriaren erakunde-funtzionamendura eta hiriak espazio partekatu gisa duen eginkizunera.
Iaz, Amara Berriko 360 ikaslek parte hartu zuten programan. Edizio honetan, Egiako 100 ikaslek hartuko dute parte, zehazki, Sagrado Corazon Mundaiz, Presentacion de Maria eta Maria Reina Eskola ikastetxeetako LH5 eta LH6 mailetakoek.
Bi fasetan egingo den ekimena
Ekimena bi fasetan garatuko da. Lehenengoan, Hezkuntza Atalak Unitate Didaktiko bat landu du. Unitate hori ikastetxeetan lantzen ari dira dagoeneko, eta horrekin amaitzeko, udaletxera bisita gidatua egingo da, otsailaren 9an eta 10ean, 10:00etatik 11:30era. Bigarren fasean, ikasleek ikasitakoan oinarritutako marrazkiak egingo dituzte, eta Cristina Enea parkeko erakusketa-aretoan jarriko dira ikusgai, martxoaren 25etik apirilaren 24ra. Gainera, lau sari kolektibo emango dira: teknika artistiko onenari, eduki onenari, goiburu onenari eta originaltasunari; hala, parte hartzen duten ikasgela guztiek sari horietako bat jasoko dutela bermatzen da.
Garciak nabarmendu duenez, “proiektu honen bidez lortu nahi duguna da ikasleek euren hiria eta bertako erakundeak, historia zein balioak hobeto ezagutzea; eta ikasleen parte-hartze aktiboa eta arduratsua sustatzea, gaur egungo herritar gisa, ez etorkizuneko herritar gisa bakarrik. Haurrek hiria eurena ere dela sentitzen dutenean, zaindu, errespetatu eta eraldatu egiten dute”.
Hiri hezitzaileen nazioarteko sarea
1998az geroztik, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko (AICE, Asociación Internacional de Ciudades Educadoras) eta Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko (RECE, Red Estatal de Ciudades Educadoras) kide da Donostia. Testuinguru horretan, Zure Hiria Zaintzen ekimenaren helburua da herritar guztiek informazio ulerterraza eskuratzeko aukera izatea; eta ikuspegi kritiko, inklusibo eta erantzunkidearen arabera, haien parte-hartze aktiboa bultzatzea.
Programak Chillida-Leku Museoaren, Cristina-enea Fundazioaren, Tabakaleraren, Aquariumen eta FCCren babesa du.


