«Jada euskaldun izatea ez da aski, euskaltzale izan gaitezen»
Epaitegi aurrean elkartu ziren azken epaia salatzeko.Joseba Parron San Sebastian Bagera Donostiako Euskaltzaleen elkarteak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Egiako epaitegi aurrean, EAEko Auzitegi Nagusiak bi udal lanpostutarako euskara eskakizuna baliogabetu izana salatzeko. “Honen arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea, gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea. Hori da botere judizialaren markoa, oldarraldiarena, gaztelaniaren erabateko nagusitasunarena, euskara betiko minorizatuta nahi dutenena”, adierazi zuten deitzaileek ekintzan irakurritako testuan. Erabakiaren aurka egiteaz gain, udalari eskatu zioten sententziari errekurtsoa jarri eta prozesua azken bururaino eramatea.
Horrekin batera, euskararen normalizazioak aurrera egin dezan arkitektura juridiko berri bat aldarrikatu zuten; Euskararen Legea 1982tik indarrean badago ere, oraindik ez baititu euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen. Gainera, euskararen “desofizializazio” prozesua gauzatzen ari dira. Horren aurrean, Legebiltzarrean eztabaidagai dagoen Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa eskatu zuten, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiei, “ez soilik euskararen ezagutza, baizik eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea”.
Euskararen normalizazioa azkartzeko xedez, Pizkundea abiatu zuten abenduan eta ekainaren 13ra bitarte hauspotu egin nahi dute. “Jada euskaldun izatea ez da aski, euskaltzale izan gaitezen. Etxean, lagunartean, lanean edota auzoan, ez dezagun zapalkuntza normalizatu”. Egunerokora eramateko, Euskaltzaleon gida proposamena eskura dago Pizkundea.eus webgunean. Laburbilduz honakoa da:
- Egin euskaraz bizitzeko hautua.
- Ez normalizatu eta isildu hizkuntza-eskubideen urraketarik.
- Hitz egin hizkuntzen auziaz, eta partekatu ingurukoekin euskararen etorkizunak sortzen dizun kezka.
- Ekarri zure lehentasun sozial eta politikoetara euskara.
- Antolatu euskaltzale gisa: kuadrilletan, ikastetxeetan, lantokietan, kirol eta kultur elkarteetan, mugimendu sozial, sindikatu eta alderdietan eta bultzatu ditzagun horietako bakoitzean jarrera eta jokabide euskaltzaleak.


