Lucas Egibarrek uste du «ondo» iritsiko dela Olinpiar Jokoetara
Ostiralean, hilaren 6an, hasiko dira Milan-Cortina d'Ampezzoko Neguko Olinpiar jokoak, eta han izango da snowboarder donostiarra.
Lucas Egibar snowboarder donostiarra.BAT Basque Team Laugarren Olinpiar Jokoak izango dira Lucas Egibar snowboarder donostiarrarentzat. Orain arte, bi diploma lortu ditu, eta urrearen bila doa. Dena dela, ezbehar bat izan zuen Txinan jokaturiko Munduko Kopako proban, erori egin zelako.
Italiara joan aurretik, Berria egunkariak elkarrizketatu du, eta hemen osorik irakur daitekeen arren, jarraian irakur daitezke pasarte batzuk.
Zer moduz zaude, Munduko Kopako azken proban izandako erorialditik osatzeko bidean?
Erorialdiaren ondorengo gauean min handia izan nuen. Komunera ere katamarrean joan behar izan nuen, ezin nintzelako oinez ibili. Ikaratu nintzen pixka bat, egia esan, baina hainbeste urteren ondoren, antzematen dut zerbait hautsita dagoen ala ez, eta banekien hautsirik ez zegoela, kolpeak zirela. Orain egun batzuk etxean pasatuko ditut, hamar egun hauetan fisioarekin hainbat saio egingo ditut, eta entrenamenduekin uztartu. Ondo iritsiko naiz Jokoetara.
Laugarren Olinpiar Jokoak izango dituzu. Ez dago edonoren esku hori.
Halaxe da. Ziklo honetan, gainera, kosta egin zaigu honaino iristea.
Sotxiko gazte haren ilusio berarekin zoaz laugarren hauetara?
Ez dakit Olinpiar Jokoetan dominarik lortu ez dudalako, eta gogo izugarria dudalako, edo, besterik gabe, Olinpiar Jokoak direlako, baina motibazio handiarekin jarraitzen dut. Aurten, gainera, gozatzeko gogoa dut.


