Musika eta Dantza Eskolak parte hartuko du kaldereroetan, aurten ere
Kaldereroak Parte Zaharrean. (Argazkia: Xalba Ramirez) Neguko jaiek aurrera diraute, eta hasi dira, dagoeneko, lehen kaldereroak auzoak zeharkatzen. Asteburu honetan aterako dira gehienak, ordea, eta festa horren parte izango dira baita ere, urtero bezala, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako musikariak. Asteburu osoan zehar —hilaren 6tik 8ra— hiriko puntu desberdinetan egongo dira.
Ostiralean, Egia girotuko dute Atxotxako Flautistak taldeko kideek, 18:00etan. Larunbatean, egun handian, Eskolako Banda Plaza Berrian izango da, 22:00etatik aurrera, kaldereroen doinu tradizionalak jotzen. Gainera, Parte Zaharreko kaldereroen konpartsa tradizionalak bat egingo du beraiekin, eta Kresalako dantzariak ere batuko zaizkie. Igandean, amaitzeko, Altzara egingo du salto eskolako txarangak, 17:00etan, bertako kaldereroei soinu banda jartzeko.


