Pau Algans Sangues donostiarra nagusi, Batxilergoko XII. Matematika Olinpiadetan
Pau Algans Sangues ikasle donostiarra.EHU Espainiako Estatuko Batxilergoko XII. Matematika Olinpiada egiten ari dira, eta fase autonomikoan, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako txapeldun izan da Pau Algans Sangues ikasle donostiarra. Axular Lizeoko ikaslea da Algans, eta bigarren postua ere Donostiako ikastetxe bateko ikasle batek eskuratu du: Deutsche Schuleko Jonah Wesbuer Altunak. Hirugarren postua, aldiz, Adriana Martinez Vivancorentzat izan zen, Loiuko (Bizkaia) Urdaneta ikastetxeko ikaslearentzat.
Lehiaketak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 21 ikastetxetako 42 ikasle bildu zituen —18 mutil eta 24 neska—, eta estatuko azken fasean Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) ordezkatuko duten talentu matematiko onenak hautatu zituen. Espainiako Matematika Elkarteak antolatzen du lehiaketa, eta EHUko Matematika Saileko irakasleek osatutako tokiko batzordearen laguntza du Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian.
Estatuko azken fasea Las Rozasen (Madril) jokatuko dute, 2026ko martxoaren 12tik 15era bitartean. Fase horretatik aterako dira, alde batetik, 2026ko uztailaren 9tik 21era Shangain egingo den Matematikako 67. Nazioarteko Olinpiadan parte hartuko duen Espainiako Estatuko taldeko sei kideak, eta, bestetik, Matematikako 41. Olinpiada Iberoamerikarrerako hautagaiak. “Olinpiada Matematikoa unibertsitate aurreko lehiaketa akademiko inportanteenetako bat da, eta funtsezko plataforma da talentu matematiko gaztea detektatzeko eta sustatzeko, bai estatu mailan, bai nazioarteko proiekzioarekin ere”, nabarmendu du EHUk.


