Astebururako plan bila Donostian?
'Jazz For Children' kontzertuko kideak.Donostia Kultura Astebururako plan bila zabiltza Donostian? Lasai, ez duzu aspertzeko inolako astirik izango! Lehenik eta behin, ez ahaztu asteburu honetan aterako direla kalera kaldereroak auzo ugaritan, eta Kresalako inude eta artzainak igandean ibiliko direla dantzan Parte Zaharretik —hemen informazio guztia—. Horrez gain, egun bakoitzeko proposamen bat egingo dizugu jarraian, eta gure agendan ekitaldi aukeraketa zabalagoa aurkituko duzue.
Ostiralean (hilak 6), Altxerri aretora joatea da gure proposamena, Paul San Martin pianista eta abeslari donostiarra buru duen blues laukotearen kontzertua ikustera. 20:00etan hasiko da eta sarrerak 5 euroan egongo dira salgai, han bertan.
Larunbatean (hilak 7), plan berezi bat proposatuko dizugu: Donostiako I. Puzzle Txapelketa antolatu du Espainiako Puzzleen Elkarteak (AEPUZZ) Intxaurrondo Kultur Etxean, binakako kategorian. Parte hartzaileek bi ordu izango dituzte 500 piezako puzzle bat egiteko. Izena eman behar da, AEPUZZen webgunean.
Igandean (hilak 8), azkenik, Txikijazz jaialdiak haurrentzako antolatutako Jazz For Children jazz kontzertua da gure gomendioa. Viktoria Eugenia antzokiko Klub aretoan izango da eta sarrerak 8 euroan daude salgai.
Bonus track. Hurrengo astean zehar egiteko plan ere proposatuko dizugu: Mendi Tour jaialdia. Mendia, abentura eta natura gaien inguruko zinema ziklo ibiltaria da. Asteartean eta asteazkenean, hiruna film proiektatuko dituzte Antzoki Zaharrean. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eta Antzoki Zaharreko zein Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan daude salgai.


