Eider Sanchez donostiarrari Enpresaburu saria eman dio Aspegik
Eider Sanchez Naru Intelligence enpresaren sortzaileetako bat da.Aspegi Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartea da, eta urtero sariketa bat egiten dute. Aurtengoa hamaikagarren edizioa da, eta helburu berari eutsi diote; Gipuzkoako emakumeen talentua nabarmentzea. Hemen, bazara lelopean, eraldaketa sozialean lan egiten duten talentuak saritu nahi izan dituzte.
2026ko Enpresaburu saria Eider Sanchez donostiarrari eman dio epaimahaiak. Sanchez Naru Intelligence enpresaren sortzaileetako bat da. Bestalde, Leire Mugerza Mondragon kongresuko presidente mutrikuarra saritu dute zuzendari-profesional kategorian.
Sari banaketa hilaren 19an izango da, Gipuzkoako Parke Teknologikoan. Emakumeen lidergoa aldaketa ekonomiko eta sozialerako motor gisa aldarrikatzea da ekitaldiaren helburua.
Lidergoa begirada sozialetik
Naru Intelligence 2016an sortu zuten Sanchezek eta Maider Alberichek. Haren zuzendaritzapean, Naru osasun sektoreko aliatu teknologiko estrategiko gisa kokatu da, Adimen Artifizialean (AA) oinarritutako soluzio berritzaileetan espezializatuta, balio terapeutikoaren kate osoan laguntzeko.
Konpainiak Aiatech teknologia aurreratua garatu du; mundu errealeko ebidentzia (RWD/RWE) sortzen du berezko emaitza klinikoen algoritmoen bidez. Sistema horrek ikerketa klinikoa eguneroko jardunean integratzea ahalbidetzen du, bezeroei datuen kontrola eta gobernantza bermatuz. Bestalde, Step Oncology soluzioak, onkologia arlorako berariaz diseinatua, konplikazioak aurreikusten dituen eta pazienteen bizi kalitatea hobetzen duen sistema integrala eskaintzen du. Sanchezen ikuspegiari esker, Naruk ebidentziak denbora errealean kudeatzea ahalbidetzen du, medikuntza pertsonalizatuagoa eta eraginkorragoa sustatuz.


