Nanogunearen dorre kuantikoa inauguratu dute
Hainbat agintari eta sektoreko ordezkari izan ziren atzoko aurkezpenean.Irekia/Eusko Jaurlaritza Nanogunearen dorre kuantikoa inauguratu zuten asteazken arratsaldean. Ekitaldian, Jon Insausti alkatea, Eider Mendoza diputatu nagusia eta Imanol Pradales lehendakariarekin batera, erakundeetako, ikerketa zentroetako eta Europako industria kuantikoaren ordezkariak izan ziren. Nabarmendu zutenez, azken belaunaldiko azpiegitura zientifiko estrategiko horrek sendotu egingo du Euskadik punta-puntako teknologia kuantikoen Europako erreferentzia polo gisa duen posizioa.
Dorre Kuantikoak tenperatura ultrabaxuko sistema aurreratuak eta doitasun handiko ekipamendu elektronikoa ditu. Horiek ezinbestekoak dira hurrengo belaunaldiko hardware kuantikoa diseinatzeko eta karakterizatzeko. Instalazio berrietan, Nanogunearen Hardware Kuantiko ikerketa taldea dago, Ikerbasqueko Fernando Gonzalez Zalba ikertzailearen ardurapean. Taldeak estuki lan egingo du Quantum Motion enpresa britainiarrarekin silizioan oinarritutako konputazio kuantikoko gailuak garatzeko. Horretarako, ordenagailuen, sakelakoen edo ibilgailuen mikroprozesadoreei eusten dien teknologia bera erabiltzen du.
Elementurik aipagarrienen artean, bi diluzio hozkailu daude, zero absolututik hurbil dauden tenperaturak lortzeko gai direnak. Muturreko egoera horietan, zarata termikoa asko murritz daiteke, efektu kuantikoak azaleratuz, eta, horri esker, neurketak eta kontrolak egin daitezke. “Hozkailu horien bidez, erdieroaleen teknologia industrialarekin fabrikatutako gure txipak erabiliko dituzten ordenagailu kuantikoak garatzeko aukera izango dugu. Zehazki, silizioan oinarritutako prozesadore kuantikoak garatuko ditugu, etorkizun handiko teknologiak, elektronika klasikoa fabrikatzeko dagoen azpiegitura industrial handia ordenagailu kuantikoak eraikitzeko aprobetxatu ahal izango baita”, azaldu zuen Gonzalez-Zalbak instalazio berrietara egindako bisitan.
Quantum Motion Dorre Kuantikoan txertatzea Quantum Motionek NanoGUNErekin 2024ko ekainean sinatutako lankidetza hitzarmenaren emaitza da. Horren bidez, enpresak Europar Batasuneko lehenengo egoitza ireki du Donostian, eta aurreikusi duenez, datozen urteetan, ikerketa-taldeak goi mailako prestakuntza duten 50 profesional gutxienez hartuko ditu.


