Neguko baso bainua egingo dute, hilaren 14an, Ulian
Uliako jardueraz gain, Aieten zazpi saio egingo dituzte datozen asteetan.Cristina Enea Fundazioa Cristina Enea Fundazioak urtaro bakoitzean antolatu ohi du baso bainu saio bat. Negukoa, hilaren 14an, larunbata, aurrera eramango dute Ulian, 09:30etik 11:30era bitartean. Urtaro honetan isiltasuna da nagusi basoan, animalia askok jarduera gutxitzen dute eta behar izanez gero bakarrik ateratzen dira ezkutuan. Gizakiok ere gure ohiturak aldatzen ditugu eta gutxitan aukeratzen dugu negua naturarekin harremanetan egoteko. Neguko baso bainu honekin, urtaro honen magia ahaztua ezagutzera animatu nahi dituzte herritarrak. Jarduera gaztelaniaz egingo dute eta izen ematea jada abian da fundazioaren webgunean.
Urtaroko saioaz gain, ordea, Donostia Kulturarekin lankidetzan programa zabalago bat gauzatzen dute Aiete parkean. Hala, otsailetik ekainera, euskaraz, eta martxotik ekainera, gaztelaniaz, bi ordu inguruko zazpi saio egingo dituzte bi astean behin —euskaraz larunbatetan, eta gaztelaniaz igandeetan—. Hauetan parte hartzeko Donostia Kulturaren atariaren bidez izena eman behar da.
Naturarekin lotura
Askok oraindik zuhaitzak besarkatzera mugatzen den praktika bitxi batekin lotzen badituzte ere, baso bainuak edo shinrin yoku japonieraz, ongizate maila altua —bai fisikoa baiz mentalak— lortzeko jarduera mota bat dira, duela hamarkada batzuetatik hona munduko hainbat lekutan frogatu dena. “Naturan oinarritutako ongizate praktika bat da, eta gure estres mailak murriztea eta ongizatea areagotzea lortzen dugu, gure zentzumenen bidez”, azaldu du Basonako arduradun Violeta Toranek.
Edozein naturgunetan aurrera eraman daitezke eta aditu baten dinamizazioaren bidez, partaideak naturan murgiltzen dira, inguratzen dituen guztiaz jabetzeko: basoko soinuak, usainak, koloreak… Zentzumenak erabiltzen dituzte ingurune naturala hautemateko. Torenen esanetan, “baso bainuak ez dira basoan paseatzea edo landareak eta zuhaitzak identifikatzeko jarduerak; praktika horiek haratago doaz eta ongizate-egoera bat eskaini nahi digute, gure estres mailak murriztu, gure sistema immunologikoa indartu eta gure sistema kardiobaskularra hobetu”.
Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak, hain zuzen ere, nabarmendu du ingurune naturalarekin loturan sakontzeko duten garrantzia. “Donostia bezalako hiri batean, non natura gure nortasunaren parte baita, funtsezkoa da aukerak sortzen jarraitzea, jendeak modu lasai eta kontzientean konektatu ahal izan dezan berarekin. Baso bainuak tresna baliotsuak dira ongizatea hobetzeko eta, aldi berean, gure naturguneekiko harreman errespetutsuagoa sustatzeko”.


