Herritar talde batek Aste Santuko prozesioa berreskuratuko du
Prozesioaren bultzatzaileak. Elizbarrutia Hiriko emakume eta gizon talde batek hilabeteak daramatza Aste Santuan aurrera eramango duten prozesioa antolatzen. Ospakizun erlijioso honen falta sumatzen zuten auzo, adin eta gizarte esparru desberdinetako lagun laikoek osatutako taldea da. “Gaur egun, Gipuzkoako herri batzuetan prozesioak egiten dira, eta Donostian ere ospatzen ziren duela hamarkada batzuk”, diote ekimenaren sustatzaileek, “horregatik, elkartzea erabaki genuen, eta, berriro ere, hemen, martxan jartzeko aukera aztertzen hasi ginen”.
Mendeetan zehar, prozesioak antolatu izan ziren hirian. XVI. mendean jada prozesio bat ospatu ohi zen Parte Zaharreko kaleetan barrena. Hiriaren zabalgunea egitean, eta bertan, Artzain Onaren parrokia eraikitzean, Gure Aita Nazareteko Jesus izeneko kofradia sortu zuten 1927an. Denborak eta gizarte aldaketek aurrera egin ahala, hirian prozesioak ospatzeari utzi zion 1970eko hamarkadan.
Hainbat pertsonak osatutako batzorde antolatzailearen ustez, “egungo sekularizazioaren barruan, berriro, herri erlijiotasunarekiko jakin mina piztu da gure gizartean”. Hala, lehen urratsa Artzain Onako parrokoarekin harremanetan jartzea izan zen, eta honek bero hartu zuen ekimena, eta laikoz osaturiko taldeari Kofradia berriz eratzeko erraztasunak eman zizkion. Hortaz, mende erdi luze geroago, aurtengo Ostiral Santuan, apirilak 3, katedraletik abiatuko duten prozesioa, 20:30ean. Prozesio zaharreko ia ondare artistiko guztia galdu zen arren, aurtengo prozesioan, Nazareteko Jesusen, Kristo etzanaren, eta Bakardadearen Ama Birjinaren irudiak ikusi ahal izango dira Donostiako kaleetan.
Joan den igandean ezagutarazi zuten prozesioaren berreskuratzea, meza guztietan ea informazio liburuxka bat banatuta. “Ehun izen emate baino gehiago jaso ditugu dagoeneko”, adierazi dute antolatzaileek. Bide batez, bere fede testigantza eman nahi duten donostiar guztiak parte hartzera gonbidatzen dituzte. “Aste gutxi geratzen dira prozesiorako, eta lan asko dugu aurretik. Nazareteko Jesusen Kofradian izena ematera animatzen dugu jendea, pauso bat edo kandela bat eramanez ateratzeko, edota kofradiako kide egiteko”.
Hilaren 20an, ostirala, batzar bat egingo dute zereginak banatzeko. Interesa duen pertsona oro, gonbidatua dago izena ematera katedraleko webgunean eskuragarri dagoen inprimakia beteta edota katedraleko sakristiara bertaratuta.
