Kafkarra ote zen?
Filma: Franz
Zuzendaria: Agnieszka Holland
Urtea: 2025
Herrialdea: Txekiar Errepublika-Alemania-Polonia
Nola aurre egin XX. mendeko idazle garrantzitsuenetako baten bizitza erakusteari? Ez da batere lan erraza hamarkadaz hamarkada luzatuko den istorioa laburbiltzea trazu erredundanteetan erori gabe, eta zer esanik ez autorearen unibertso literarioa filmaren eszenaratzearen bidez iradoki nahi bada. James Marshkek Samuel Beckett –Dance First (2023)– erretratatzeko saiakera hutsala aurrekari hartuz, Agnieszka Hollandek erronka onartu du, bere inoizko proiekturik anbiziotsuena oparituz.
Idazle txekiarrari buruzko biopic aspergarri eta monotonoa izatetik urruti, Franz-ek erabateko askatasun formal eta estetikoa proposatuko digu. Bai, kaotikoa zen Kafka, irudimentsua, atsekabetua, erreserbatua, fantastikoa. Eta adjektibo horiek guztiak baliogarri zaizkigu zinemagile poloniarraren filma ere deskribatzeko. Kausa-efektuaren logika narratiboaz arduratu gabe, muntaketa lan bizi eta barrokoarekin egingo du salto, aurrera zein atzera. Nobelagilearen haurtzarora zein gaur egungo Pragara, non hari eskainitako museoko gidariei segika ikusiko ditugun milaka bisitari.
Narratibaren demiurgo da Holland, eta horrela soilik uler daiteke autorearen desmitifikazio estimulatzaile honek eragin dezakeen disonantzia. Ur nahasietan sartu da zinemagilea, ez baita planteamendu irisgarriena honakoa. Baina ausardiak definitu izan du beti poloniarra, konformismo ezak, eta Franz-ekin erakutsi du, beste behin, konbentzioetatik at dagoen zinema egiteko gaitasuna duela.
Zatikiak eta elementuak puzzle bateko piezak bailiran elkartuz, nahaspila ordena bilakatuko da, literatura garaikideko jenioari ezagutu izan zaion larritasun zapaltzailea maila bisualera ekarriz. Esentzia kafkarrari gorazarre baino, Franzi, pertsonari, egingo dio filmak ohore: ez artistari, baizik eta gizakiari. Kanpo begiradez hornitua, haren inguruko pertsonaiek guganako konplizitate erabatekoz hautsiko dute laugarren pareta, narratzaile bilakatuz, ikuspuntua emanez, lapurtu diogu isiltasuna berreskuratuz.
