Kaldereroena eta inude eta artzainena izango da asteburua
Kandelario eguna pasatuta, bihar aterako dira kalera Donostiako kalderero gehienak eta, etzi, Kresala elkarteko inude eta artzainak.
Parte Zaharreko Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala, iaz. Xalba Ramirez Neguko jaiek ez dute etenik Donostian. Kaldereroak eta inude eta artzainak izaten dira kalera ateratzen hurrengoak, Kandelario egunaren bueltan (otsailak 2). Loiolakoak eta Txomiñenekoak izan ziren lehenengo kaldereroak eta Groseko Artainu konpainiakoak eta Loiolako Erriberako eta Amara Berriko Ikasbide ikastolakoak lehenengo inude eta artzainak, joan den astean atera baitziren. Hala ere, bihar aterako dira kalderero gehienak eta etzi Kresalako inude eta artzainak.
Parte Zaharreko Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionala da Donostiako kaldereroen konpartsa nagusia, eta bihar desfilatuko du, 21:30etik 01:40era, Fermin Kalbeton kalean hasita eta Gaztelubide elkartean bukatuta. 22:00etan, kanpamentua jarriko dute Plaza Berrian, eta bertan egingo dute ekitaldi nagusia. Aurten, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeko kideak izango dira erregina eta bi damak: Ane Acha, Edurne Lertxundi eta Edurne Erkizia.
Inude eta artzainei dagokienez, etzi desfilatuko dute Parte Zaharretik Kresalakoek, 12:00etatik 13:45era, elkartean hasi eta bukatuta. Ekitaldi nagusia 13:00etan hasiko da, Plaza Berrian.
Auzoetako kaldereroak
Donostiako auzo ugaritan ospatuko dituzte kaldereroak asteburu honetan. Gaur, Aldapeta Maria Ikastetxekoak (Amara, 14:45-16:15), Zurriola Ikastolakoak (Gros, 15:00-16:30) eta Aietekoak (17:30-20:00) aterako dira. Bihar, Kai Harripekoak (Parte Zaharra, 17:00-19:00), Amarakaldek-ekoak (Amara Berri, 17:30-20:30), Arrano elkartekoak (Egia, 17:30-21:00), Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsakoak (18:00-21:00), Herrera Kirol Elkartekoak (18:00-20:00), Mamur-Donosti Berrikoak (Amara, 18:00-21:30) eta Hungariako Galdaragileen Konpartsa Primitibokoak (Parte Zaharra, 21:45-02:00) aterako dira. Azkenik, etzi, Altzako kaldereroek auzoa girotuko dute, 17:00etatik 19:00etara. Ez dira azkenak izango, Antiguako kaldereroak eta inude eta artzainak hurrengo asteburuan arituko baitira. Kalderero guztien ibilbideak eta informazio osagarria hemen daukazue, eta inude eta artzainena hemen.


